Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Errekabeltzeko erasoa gaitzetsi du
Aldundiaren arabera, "arduragabekeria" erakusteaz gain, herritarrekiko eta eta bizikidetzarekiko "errespetu falta hutsa" adierazten dute halako ekintzek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi du joan den abuztuaren 22an Errekabeltzen zaldibiar baten autoari egindako erasoa. X sare sozialaren bidez zabaldu du gaitzespen mezua, atzo. “Inolaz ere ezin da horrelako ekintzarik onartu motibazioa edozein delarik ere”.
Aldundiaren esanetan, “arduragabekeria” erakusteaz gain, herritarrekiko eta bizikidetzarekiko “errespetu falta hutsa” adierazten dute halako ekintzek. “Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gertatukoa gaitzesten du eta kaltea jasan duten pertsonei bere elkartasun osoa adierazten die”.
Aurrez, Zaldibiako Udalak, Enirio-Aralar mankomunitateak eta Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteak kaleratu dituzte gertaera hori salatzeko gaitzespen oharrak.
Bihar elkarretaratzea
Bihar, 18:30ean, Zaldibian elkarretaratzea egingo dute Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak deituta.