Axari Trail jendetsuena
Bigarren urtez, 450 parte hartzaileren muga gaindituko du Idiazabalgo Axari Trail probak, aurten. Ibilbidea zertxobait aldatuko da landatu berri den ameztia errespetatzeko.
Parte hartzeari dagokionez, orain arteko errekor guztiak gaindituta jokatuko da datorren igandean, Mikel Garmendiaren omenezko 11. Axari Trail proba Idiazabalen. Guztira, 479 korrikalarik eman dute parte hartzeko izena, ezarritako 450eko langa gaindituta. Aurten ere, bi lasterketa ditu probak, luzea 25,4 kilometrokoa eta motza 16koa. Irteera Idiazabalgo plazan izango da 9:30ean. Ibilbidean aldaketa txiki bat egin dute aurtengoan.
Parte hartuko dute korrikalarien artean, 379 gizonezkoak dira eta gainontzeko 100 emakumezkoak. Lasterketa luzean 199 korrikalarik hartuko dute parte —170 gizonezko eta 29 emakumezko— eta motzean, 226k —165 gizonezko eta 61 emakumezko—; horietatik 54k gazteen mailan parte hartuko dute —44 mutil eta 10 neska—. Gustura agertu dira antolatzaileak lasterketaren bezperatan, «egun bakarrean bete zen lasterketa motzerako izen ematea eta uztaila erdialderako itxaron zerrenda ireki behar izan genuen lasterketa luzeaz. Guztiak sartzen saiatzen garen arren, aurten lehenengo aldiz itxaron zerrendan geratuko da jendea», esan du Aimar Lizarazu antolatzaileetako batek.
Aurpegi ezagunak
Iganderako izena eman dutenen artean aurpegi ezagun asko izango dira. Faboritoen artean, ondokoak zerrendatu ditu Aritz Ugarte antolakuntzako kideak: «Laida Elizegi zaldibiarra —iazko irabazlea—, Oihana Zubillaga, Ander Amonarriz eta Ander Iñarra lasterketa luzean edo, Beñat Ibañez zumarragarra, Iosu Urrestarazu idiazabaldarra, Maider Unanue aramarra eta Maite Etxezarreta motzean», besteren artean.
Orokorrean, ibilbidea ohikoa izango da, Idiazabalgo plazan izango du irteera eta helmuga. Irten eta Hirumugata izango da korrikalariek igoko duten lehendabiziko gaina eta handik Artteittara joko dute. Hau da lasterketaren une nagusietako bat, bi ibilbideak —luzea eta motza— puntu honetan banatzen baitira. «Luzekoak 9 kilometroko itzulia egin beharko dute Etzegaratetik barrena, handik Artteittara itzulita, Atxurbi gainetik helmugara joateko», esan du Lizarazuk. Motzeko korrikalariek Artteittatik zuzenean joango dira Atxurbira eta handik Idiazabalera.
Hain zuzen, Artteitta inguruan moldatu behar izan dute ibilbidea aurten. «Idiazabalgo Udalak amezti bat landatu du bertan, basoa berreskuratzeko proiektu baten baitan. Babestutako gunea da eta hori errespetatzeko 5 bat metro atzerago pasatuko da ibilbidea aurten», azaldu du Lizarazuk. Gainontzean, aldaketak ez du bestelako eraginik lasterketari dagokionean.
Ez da Goierri Kopako azkena
Axari Trail lasterketa bat baino gehiago izan ohi da, festa giroa nagusi izaten baita Idiazabalen goizean zehar. Aurten ere, paella prestatuko dute bazkalordurako. 750 edo 800 pertsona ingururentzako prestatzen dute, eta aldez aurretik txartelak erosi behar dira.
Azken urteetan ez bezala, Axari Trail ez da aurten Goierri Kopako azkeneko lasterketa izango. Urriaren 13an, Korosti Trail lasterketa antolatuko dute lehendabiziko aldiz Legazpin, eta honek itxiko du Goierriko lasterketen egutegia. Goierri Kopari Garingo lasterketarekin eman zitzaion hasiera urtarrilean, eta guztira hamar probaz osatuko da aurten.