Garai bateko euskal kantagintza gogoan
Duela 50 urte Brinkolako jaietan egindako kantaldi handia gogoratzeko ekitaldien artean, mahai inguru bat egin dute aurtengo San Agustinetan, orduan parte hartu zuten hainbat artista gonbidatua.
Duela 50 urte jaialdi handi bat ospatu zen Brinkolako jaietan, eta haren antolaketan lan egin zuten gazteetako batzuk urteurren hori ospatu nahi izan dute aurtengo San Agustinetan. Jaialdi hura irudikatzen duen koadro batekin, garai bateko euskal kantagintzari buruzko mahai inguru batekin eta kantaldi batekin gogoratu zuten, larunbatean, auzoko jaien barruan.
Mahai inguruan eta kantaldian, duela 50 urte izan ziren abeslarietako batzuk izan ziren, horien artean Pantxoa eta Peio, aspaldiko partez oholtzara elkarrekin igo eta pieza batzuk abestu zituztenak.
Garai bateko kantagintza
Pantxoa eta Peioz gain, Jon Enbeitak, Zumarragako Trikitixako Migel Urtegak, Benito Lertxundiren izenean jardun zuen Joxe Anjel Urbieta ilobak, koadroa margotu duen Jose Mari Telleriak eta Koro Urbietak parte hartu zuten, Jokin Matxinandiarenak gidatua. Ordu eta erdiko hizketaldian, eta auzoko Saloia publikoz gainezka zegoela, bakoitzaren hasieraz eta euskal kontzientziaz, zentsuraz, publikoaz, emakumezko kantariez eta musikaren eboluzioaz jardun zuten, besteak beste.
Guztiek lotu zituzten musika eta euskararen aldeko kontzientzia haien hastapenez hitz egitean, eta Pantxoak gogoratu zuen bezala, «kantuaren bidez zabaldu nahi genuen militantzia euskararekiko», batez ere hizkuntza oso zapalduta zegoen garai haietan. Ez Dok Amairu taldeak horretan egin zuen lana ere aipatu zuten behin baino gehiagotan, eta 1974ko jaialdia gogoratzeko enkarguz koadroa egin duen Telleria segurarrak bileretara joaten zela gogoratu zuen.
Jaialdietan jasaten zuten zentsura ere aipatu zuten: «kantatu behar genuena itzulita aurkeztu behar izaten genuen Gobernu Zibilean, eta jaialdi baterako balio zuenak, hurrengorako igual ez», gogoratu zuen Enbeitak. «Juerga» kontuak ere izan ziren hizpide, batez ere Urteagaren ahoan. Koro Urbietak, bestalde, urte haietan kantuan emakume gutxi zebiltzala ekarri zuen gogora, «Maite Idirin, Lourdes Iriondo, Estitxu, Miren Aranburu… eta ni. Musikari izatea zaila zen orduan, emakume izanda, gehiago».
Publikoarentzako tartea ere izan zuten mahai inguruan. Peiok azaldu zuenez, «euskal zaletasuna eta gure kezkak partekatzen genituen kantaldietara joaten zirenekin», eta kantariak publikoarentzako erreferentzia bihurtu zirela gehitu zuen Joxe Anjel Urbietak, «aro berri bat zabaldu zuten». Kantariek eta publikoak elkar elikatu egiten zutela zehaztu zuen Enbeitak, «sormenak publikoa behar du».
Musikaren eboluzioaz eta teknologia berriez hitz egin zuten amaitzeko, gaurko egunetara hurbiltzeko. Lehengoaren alde agertu ziren gehienak, gaurkoa «komertzializatuago» dagoela argudiatuz. Enbeitak itxi zuen eztabaida: «lehengoa eta oraingoa osagarriak dira, baina egia da gaur mezua galdu dela, erritmoaren mesedetan».