Gazteen bultzadarekin
Emaneurre Euskarari! eguna ospatuko dute larunbatean Ordizian, Euskal Jaiei hasiera emanez. Hogei talde lehiatuko dira herri kiroletan Barandiaran plazan. Azterketak Euskaraz taldea omenduko dute.
Indarberrituta dator larunbatean egingo den Emaneurre Euskarari eguna. Gazteak sartu dira antolakuntza taldean, eta hainbat berritasun izango dira aurtengo Euskal Jaietako lehenengo ekitaldian. Ekainaren 13an Emaneurrek egindako proposamen, ideia eta indar berriak biltzeko bilera irekiak emaitzak eman ditu.
Beñat Arbilla izan da Emaneurre taldera hurbildu denetariko bat. «Emaneurrek bilera bat egin zuen ea jende berria animatzen zen, eta kuadrillako lau lagun azaldu ginen. Normalean Emaneurrek antolatutako ekintzetan parte hartzen dugu: pilota txapelketan, herri kiroletan… esku bat botatzeko asmoarekin etorri gara».
Emaneurren gustura hartu dute gazteen ekarpena, Unai Arratibelek nabarmendu duenez: «Oso gustura gaude. Urtean zehar ekitaldi desberdinak egiten ditugu baina agian hau da handiena, pertsona kopuru aldetik behintzat. Iaz 300 pertsona bildu ginen bazkarian, eta antolakuntzan geundenontzat handi samar geratu zitzaigun. Hortaz aparte, ideia berriak jaso nahi genituen, eta taldea freskatu gazteak sartuta. Aurten bultzada oso handia jaso dugu, gazteen partetik, eta ez hain gazteen partetik. Ilusioa egiten du, eta animoak indarberritzen ditu».
«Emaneurrek bilera bat egin zuen ea jende berria animatzen zen, eta kuadrillako lau lagun azaldu ginen»
Beñat Arbilla. Emaneurreko kidea
Berrikuntzak
Hogei talde ariko dira kuadrillen arteko herri kirol txapelketan larunbatean. Harria jasotzen, txingak eramaten, trontzan, korrikan, zakua eramaten, koxkolak biltzen eta arraunean (ergometroa) ariko dira nor baino nor. «Pixka bat aldatzeagatik, giza proba albo batera utzi dugu, arrauna jarri dugu aurten», argitu dute. Iaz, Gauss taldeak irabazi zuen txapelketa.
Herri kiroletan diharduten bitartean, Goierriko Bertso Eskolako gazteak bertsotan ariko dira. «Ordiziako Gazte Asanbladakoak ere animatu dira aurten parte hartzera, eta beraiek komentatu ziguten ideia izan zen, ea zer iruditzen zitzaigun bertsolari batzuk ekarri eta herri kiroletan ari ziren bitartean bertso saio antzeko bat egitea. Ideia ona iruditu zitzaigun, eta horrela izango da».
«Aurten bultzada oso handia jaso dugu, gazteen partetik, eta ez hain gazteen partetik. Ilusioa egiten du, eta animoak indarberritzen ditu»
Unai Arratibel. Emaneurreko kidea
Herri kirol lehiaketa Joxe Migel Barandiaran plazan egingo dute aurten, Plaza Nagusiko obrak direla eta.
Azterketak Euskaraz
Herri kirolen aitzakian, festa giroa egun osora zabalduko dute larunbatean, eta herri bazkarian 350 lagun elkartuko dira pilotaleku txikian. Bazkalondorenean, bertsolarien eta omenaldiaren txanda izango da. Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute. «Emaneurre Euskarari eguna izanda, ikusten genuen gure jarduera guztia euskaraz bada ere, egokia izan zitekeela Azterketak Euskaraz kolektiboa egiten ari den lana aitortzea. Eurekin harremanetan jarri ginen, eta etortzeko prest zeuden galdetu genien. Baiezkoa eman digute. Ikasleak, ikasle ohiak eta irakasleak etorriko dira. Oraindik zehazteko dago zenbat etorriko diren».
Elektrokela eta Gozategi
Ohi bezala, musikarekin eta dantzarekin amaituko dute Emaneurre euskarari eguna. 18:30ean, Elektrokela elektrotxaranga ibili da kalez kale, eta 23:00etatik aurrera, Gozategi taldearekin erromeria izango da Plaza Nagusian.
EGITARAUA
- 10:30: Kuadrillen arteko herri kirol txapelketa eta bertsolariak.
- 15:00: Kantu bazkari herrikoia.
- 16:30: Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus bertsolariak, eta Azterketak Euskaraz kolektiboari omenaldia.
- 18:30: Elektrokela elektrotxaranga.
- 23:00: Gozategi taldearekin erromeria, Plaza Nagusian.