Sagarrak eta pikuak, iraila gozo hasteko
Oporrak igarota, saltzaile guztiak itzuli dira feriara irailarekin batera, berritasunekin gainera.
Gaur iraileko lehen feria egin da Ordizian, eta betan fruta kontuak izan dira aipagarrienak, baita oporren ondoren saltzaile guztiak itzuli direla ere. Eguraldi ilun eta lanbrotsuarekin egin dio harrera feriak hilabete berriari.
Sagarrak aipatu behar dira lehenik, maiatzetik falta zen Errezilgo Simon Aizpuruk hasi duelako salmenta denboraldia Ordizian, eta sagar mota berriekin irisi delako. Jumbo, Golden eta Errezilen erregina zituen salgai, kiloa 3 euroan, baita Elstar motakoa ere, 1 eta 3 artean kiloa, tamainaren arabera. Denboraldia hasi besterik ez dela egin argitu du gaur goizean errezildarrak, eta pixkanaka mota gehiago ekarriko dituela agindu du. Gutxi ekarriko ditu, ordea, Ibarbi edo errezil sagarrak, «justu-justu» jasotzen ari direlako Mugarrieta baserrian, baina beste guztiak, «dezente». Horregatik esan du, hain zuzen, aurtengo sagar garaia «erdipurdikoa» izaten ari dela. Madariak ere bazituen salgai Aizpuruk, Conferencia motakoa eta etxekoa bezala ezagutzen dutena, horien kiloa ere 3 euroan. Aizpururen denboraldiko lehen asteazkena izan da gaurkoa, eta denboraldi hori maiatzera arte luzatuko duela aurreratu du.
Fruten atalean piku gorria ere berria izan da. Aramako Jaione Irazustaren postuan zuen salgai Miren Jauregi amak, kiloa 3,5 euroan. Brokoli berriak ere badituela esan du Jauregik, buru txikikoak, eta kiloka zituen salgai, kiloa 2,7 euroan. Bestetik, kuiekin ere hasita dago, kiloa 2,5 euroan.
Txaiotak ere hasi du denboraldia, eta Maite Zurutuza aramarrak zuen salgai, kiloa 3,5 euroan. Postu honetan leka gorri ugari ere ikusi dira, Buenos Aires motakoa, baita ondoko postuan ere, Iñaki Intxausti zeraindarrarenean. Lekaren kiloa 6 eta 8 euro artean dago Odiziako ferian.
Azak ere hasi dira iristen. Maria Jesus Oriaren postuan zeuden salgai gaur, kixkurrak, bakoitza 2 euroan. Postu honetan muxikak ere bazituzten, kiloa 1,5 euroan.
Gibelurdinak hasi dira
Mikologiaren atala suspertzen hasi da inguruko perretxikoak iritsita, tartean orain arte ikusi ez diren gibelurdinak. Bertakoen artean ziza horiak eta onddoak ere bazeuden gaur salgai.
Mikel Lasak gibelurdin kilo eta erdi jarri du salgai, kiloa 30 euroan, eta onddo batzuk ere bai. Barcinak salgai jarritakoekin batera, 52 kiloko eskaintza osatu dute, kiloa 20 eta 35 euro artean. Ziza horiak ere bazituzten, 55 kilo, kiloa 18 eta 20 euro artean. Plaza barruan beste hiru kilo ziza hori eskaini dituzte.