Lenburrek martxan jarri du Mari Domingi eta Olentzeroren bisiten kanpaina
Azaroaren 2tik abenduaren 23ra arte luzatuko da aurten. Prezioa 8,75 eurokoa da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Gabonak urruti daude, baina Lenbur hasi da data horiei begirako agenda prestatzen, bereziki Olentzerok eta Mari Domingik urtero Mirandaolara egiten dituzten bisitak. Bisita horietarako sarrerak saltzen hasi dira dagoeneko. Aurtengo prezioa 8,75 eurokoa izango da. Sarrerak online erosi behar dira Lenburren www.lenbur.com webgunean.
Azaroaren 2an hasi eta abenduaren 23ra arte izango dira saioak, asteburuetan familientzat, eta astegunetan ikastetxeentzat. Ohi bezala, Euskal Burdinaren Museoan, Mirandaola parkean eta burdinolan gauzatuko dira. Ordutegi aukera zabala dago.
Legazpiarrentzat data zehatz batzuk daude gordeta, eta horientzako sarrerak telefonoz erreserbatu behar dira, 943 73 04 28 zenbakira deituta, edo Mirandaolako turismo bulegora joanda.
Jarduera osoa, Mirandaola inguruan
Jarduera hau Euskal Burdinaren Museoan hasiko da ipuin kontaketa saio batekin, eta Mari Domingiren eta Olentzeroren berri jasoko dute familiek. Parkera joango dira gero guztiak, bi pertsonai horien bila, Burdintxok lagunduta, eta handik, denak elkarrekin burdinolara joango dira.
Burdinolan, Mari Domingirekin eta Olentzerorekin egoteko aukera izango dute familiek, eta amaieran, gaztaina erreak jasoko dituzte opari.
Bisita osatzeko aukera
Olentzero eta Mari Domingi ikustera Mirandaolara hurbiltzen diren familiei begira, bisita gehigarriak prestatu ditu aurten Lenburrek, eguna osatu dezaten. Hala, jarduera bikoitza egin dezakete, egun berean aiton-amonen eskola edo Igartubeiti ere bisitatuz.
Legazpiko aitona-amonen eskolan, garai hartako idazmahaiak, lumatxoak, tintontziak, liburuak eta gainontzeko materiala ikusiko dituzte bisitariek, eta orduko jolasekin aritzeko aukera izango dute: kanikak, txapak, tortolosak, kromoak…
Ezkioko Igartubeitin, baserri museoa ezagutuko dute, eta arbasoen zenbait ohitura ikasiko dituzue, hala nola, Gabonetako ohitura zaharrak eta sendabelarren erabilera. Horrez gain, Igartubeiti baserriak egurrezko dolarea mantentzen du eta orduko ohiturei jarraituz, sagar zukua dastatzeko aukera izango dute.
MARI DOMINGI ETA OLENTZERO MIRANDAOLAN
Datak:
Azaroa: 2-3 / 9-10 /16-17 / 23-24 / 30
Abendua: 1 / 6-7-8 / 14-15 / 23
Abenduak 21-22: Momentuz Legazpiko familientzat gordeta.
Txandak:
10:00 / 11:00 / 12:00 / 13:00 / 15:00 / 16:00 / 17:00 / 18:00 / 19:00. (18:00 eta 19:00etako txandatan linterna ekartzea gomendatzen dugu)
Hizkuntza:
Euskaraz, ia guztiak
Gazteleraz: azaroak 23 (10:00), azaroak 30 (15:00) eta abenduak 6 (10:00)
Prezioa:
8,75€ (2 urtekoak barne)
Sarrerak erosteko:
Kanpotarrek, Lenburren webgunean
Legazpiarrek, 943 73 04 28 telefono zenbakian, edo Mirandaolako turismo bulegoan