Goierritar ukituko lehia
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute Eskoriatzan. Hiru bertsolaritatik bat goierritarra izango da. Bi saio egingo dira eskualdean.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute. Atzo izan zen ekitaldia, Eskoriatzan, baina lehia irailaren 14an hasiko da. Denera, hamasei bertso-saio egingo dira eta horietatik bi Goierrin izango dira: Urretxun eta Lazkaon. Azkena, finala, abenduaren 14an izango da Donostiako Illunben.
Ikusteko dago nork abestuko duen finalean, baina Goierriko bertsolariren bat izateko aukera handiak daude, bai behintzat matematikei erreparatuta. 48 bertsolari arituko dira txapelaren lehian, tartean, hamabost goierritar: German Urteaga, Maddi Aiestaran, Iñaki Apalategi eta June Aiestaran beasaindarrak; Amaia Iturriotz, Maialen Akizu, Mikel Iturriotz eta Uxue Fernandez urretxuarrak; Aratz Igartzabal, Endika Igarzabal eta Gorka Maiz gabiriarrak; Ane Beloki eta Nerea Elustondo legazpiarrak, Eneko Araztegi segurarra eta Iban Urdangarin ataundarra. Hau da, hiru bertsolaritik bat eskualdekoa izango da. Aurkari gogorrak izango dituzte baina, besteak beste, Beñat Gaztelumendi egungo txapelduna eta Agin Laburu txapeldunordea ere kantuan izango direlako, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin… bezala.
Epaileen eta gai-jartzaileen artean ere bada goierritarrik: Maite Sukia eta Mikel Urteagak puntuatuko dituzte bertsoak; Aizpea Garmendiak, Asier Iriondok, Irati Sanchez de Arevalok eta Saroi Jauregik, gaia jarriko die.
Urretxun eta Lazkaon egingo diren saioak final zortzirenetakoak izango dira. Lehenengoan, herriko seme Iturriotzekin batera, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga eta Unai Mendizabalek abestuko dute. Saioa 17:00etan hasiko da eta Labeaga antzokian izango da. Bigarrenean, berriz, Maiz eta Urdangarin goierritarrekin batera, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Julen Zulaika eta Oihana Arana ariko dira. Hau ere 17:00etan hasiko da, Areria aretoan.
Gipuzkoa Bertsotan
Udaberrian jokatutako Gipuzkoa Bertsotan lehiaketan lortu zuten hamaika goierritarrek Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzea. Lehiaketa banatu zen bi multzoetatik (A eta B) puntuazio onena lortu zuten hamazazpi bertsolariek egin zuten aurrera. A multzoan goierritar puntuatuena Eneko Araiztegi segurarra izan zen, 655,5 punturekin. Ondoren Mikel Iturriotzek lortu zuen puntuazio altuena, 632 punturekin. Endika Igartzabalek 627 lortu zituen eta Aratz Igartzabalek, berriz, 625,5. Multzo honetan Ane Beloki izan zen goierritarren artean sailkatzen azkena, 614,5 punturekin. B multzoari dagokionez, Maddi Aiestaranek lortu zuen puntuazio altuena, hain zuzen ere, 647,5 puntu. Uxue Fernandez eta Maialen Akizu izan ziren sailkatzen hurrenak 640,5 puntu eskuratuta. June Aiestaranek 636rekin, Gorka Maizek 629rekin eta German Urteagak 613,5 punturekin lortu zuten txapelketa naguriako pasea.