Alaitasuna errondaila, beste 60 urte betetzeko prest
Legapziko musika taldeak 200 lagun elkartu ditu Azokan 60. urtemuga ospatzeko. Sacalfi taldearen emanaldiak itxiko du gaurko festa, 19:00etan plazan egingo duen emanaldiarekin
Duela 60 urteko taldea osatu zuten musikarietako batzuk, gaurko partaideak, familiakoak, lagunak, zaleak, udal agintariak, herriko beste musikari batzuk… 200 lagun inguru elkartu dira gaur Legazpiko Azokan Alaitasuna errondailaren 60. urtemuga ospatzeko. Bautista Armendarizek sortu zuen taldeak 1964ko urtarrilaren 3an egin zuen debuta, eta bidean gorabehera batzuk izan arren, gaurko egunera iritsi da, osasuntsu, eta beste 60 urte betetzeko gogoz.
Gaurko festa meza batekin hasi da goizean, eta poteo musikatuarekin jarraitu du gero. Bazkaria hasi aurretik, Urbeltz pilotalekuan elkartu dira guztiak taldeko argazkia ateratzeko, eta Azokara joan dira handik. Musikarik ez da faltatu bertan, eta giro bikainarekin ospatu dute urteurrena bertaratutakoek.
Festak Sacalfi talde iruñarraren emanaldiarekin amaitu da; 19:00etan joko dute plazan.
Gaurkoa, 60. urtemugaren ekitaldi nagusia da, baina ez bakarra, aurrerago ere izango direlako gehiago. Hilaren 28an Castro Urdialeseko (Kantabria, Espainia) Alsejo errondailaren emanaldia izango da, urriaren 26an topaketa egingo dute Altsasuko Trasteando eta Ordiziako Laguntasuna errondailekin, eta azaroaren 2rako, Kanariar Irletako (Espainia) Los Paperos taldea gonbidatu dute.