Aizkorrin Barrena mendi martxetarako izena eman daiteke bihartik
Irailaren 29an izango dira, eta bi ibilbideak Brinkolatik atera eta Brinkolan amaituko dira. Auzoan festa giroa izango da egun osoan, eta bertan bazkaltzeko aukera izango da.
Irailaren 29an egingo dituzte aurten Aizkorrin Barrena mendi martxak Brinkolan, eta bihartik aurrera eman ahal izango da izena internetez www.kirolprobak.com webgunean, hilaren 26ra arte. Aurretik izena ematea 12 euro izango da, eta egunean bertan, 15 euro. Internetez izena ematerakoan elastikoaren neurria aukeratu beharko da, eta elastikoa bakarrik eskatzeko aukera ere izango da, hori ere 12 euroan.
Beste toki hauetan ere izango da izena emateko aukera: Legazpin bertan, Izadi Zaleak elkartean, Bikuña kiroldegian, Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Brinkolako Armuño elkartean, eta Zumarragako eta Urretxuko kiroldegietan.
Aizkorrin Barrenak 15. edizioa du aurten, eta ohi bezala, bi ibilbide izango ditu, Legazpiko Brinkola auzotik abiatuta, inguruko mendietan egiteko. Ibilbide luzea edo Zanpa Zanpa 29 kilometrokoa izango da, eta 1.550 metroko desnibela du. eta besteak beste, Aizaleku, Otaño, Oakoroso, Biozkorna eta Lizarraga igaroko ditu. Ttipi Ttapa edo ibilbide motza ordu bete geroago aterako da, 09.00etan, eta 14,5 kilometroko luzera eta 700 metroko desnibela du; Haizaleku eta Otaño dira ibilbideko gune altuenak. Bi ibilbideetan anoa postuak izango dira, jatekoarekin eta edatekoarekin: Aztirian bat, Ttipi Ttaparen 8. kilometroan, eta Oakoroson bestea, Zanpa Zanpa martxaren 13,60. kilometroan.
Antolatzaileek Mikel Oskoz galdera lehiaketa ere antolatu dute aurten, bederatzigarren edizioa. Ibilbidean zehar betetzeko galdetegia da, eta sariak izango dira partaideentzat.
Martxa hauek Aizkorrin Barrena batzordeak antolatu ditu, eta Legazpiko Udala eta Izadi Zaleak elkartea, Brinkolako Armuño eta Arriurdin elkarteak, Atzegi eta Sidenor enpresa dira laguntzaileak. Boluntario talde handi batek ere egiten du lan, aurreko egunetan prestaketa zereginetan, eta egunean bertan ere bai.
Bazkaria eta festa giroa
Lekanazpi elkarteak ere lagunduko du, eta bazkaria prestatzeaz arduratuko da. Makarroi ekologikoak prestatuko dituzte, Brinkolako txekor haragiarekin eta Legazpiko Idiazabal gaztarekin. Bazkarirako txartelak egunean bertan salduko dituzte 5 euroan, eta edaria Armuño elkartean egongo da salgai. Bazkaltzeko tokia elkartearen aurrealdean egokituko dute, karpa batzuekin.
Bestetik, egun osoan festa giroa izango da auzoan, eta musikarik ez da faltako. Azken urteetan bezala, auzko ekoizleek ere postuak jarriko dituzte geltokiko plazan, eta barazkiak, gozoak eta bestelako produktuak egongo dira salgai. Aizkorri Barrenaren aurreko edizioetako kamisetak erosteko aukera ere izango da feria txiki horretan.
Antolatzaileek, bestalde, Brinkolara trenez joateko eskaera luzatu dute aurten ere. Amaieran, Legazpira itzultzeko Junetorri zerbitzua ere izango da.