Feria bereziak ez dio lehiarik egin asteazkenerokoari
Montesek, Mendartek, Oñatibitxikik eta Etxeberrigoikoak aipamen berezia jaso dute, urtean zehar egiten duten lanari aitortza eginez.
Euskal Jaietako feria bereziak aurten ere ez dio lehiarik egin Plaza Nagusiaren inguruan egiten den asteazkenerokoari, eta hori gaur indartsu eta berritasunez betea agertu da.
Produktu berriak barazkietan eta fruten atalean ikusi dira, bereziki sagarretan. Maria Jesus Oriak errezil sagarra aurkeztu du, kiloa 3 euroan, eta Jose Antonio Elosegik bella de boscoop, landina eta galiwa motakoak ere bai, 2,5 eta 3,5 euro artean. Esan behar da Elosegik beste postu bat ere jarri duela gaur Barandiaran plazan, eta han egin den fruta lehiaketan bigarren saria irabazi duela. Plaza Nagusian izaten den Simon Aizpuruk, berriz, Barandiaranen bakarrik izan du postua, eta errezildar honek hirugarren saria irabazi du lehiaketan.
Barazkietan, kale aza aipatu behar da lehenik. Berdea eta gorria, berria da ferian, eta gaur goizean Iñaki eta Jokin Intxaustik eta Oriak zituzten, sorta 1 eta 2 euro artean. Intxaustitarrek, gainera, California izeneko piperrak izan dituzte, berdeak, gorriak eta horiak, kiloa 4 euroan. Oriak, bere aldetik, potimarron kuia aurkeztu du, kiloa 2 euroan, eta koloretako azelgak ere bai, sorta euro batean.
Montesekoen postuan berriz, flauta alberjinia izan dute berria, kiloa 3 euroan, eta tomate aukera zabala ere bai: aire libreko tomatea, jack motakoa, 4 euroan, eta 5 euroan arrosa, itsas urdina edo mar azul izenekoa, eta idi bihotz motakoa, horia zein laranja.
Gozo kontuetan ere izan dira gaur berritasunak, eta Astigoxoren postuko Susanne Klemmek gazta tarta eta gazta eta mango tarta jarri ditu salgai, errazioa 3,5 euroan, eta tarta osoa 30 euroan, nahiz eta euskal pastela eta goxua izan ugarienak. Postua dotore apainduta zuela esan behar da, gainera, gailetekin Euskal Jaiak 2024 idatzita.
Perretxikoetan ez da berritasunik izan, eta onddo eskasia izan da hizpide atal horretan, bertan ez dagoelako ezer, perretxikozaleek esan sutenez. Hala ere, Barcinaren postuan bazegoen erosteko, kanpokoa: 80 kilo, 22 eta 35 euro artean. Ziza horiak ere izan dira salgai, eta Barcinak eta Lasak guztira 83 kilo eskaini dituzte, 18 eta 20 euro artean. Bestetik, Maite Zurutuzak hiru kilo gibelurdin saldu ditu, 30 euroan kiloa.
Aipamen bereziak
Feria berezi honek, bestalde, urtero hartzen du tarte bat asteazkeneroko saltzaileei aitortza egiteko, eta aurten lau izan dira aipamena jaso dutenak, urtean zehar egiten duten lana eskertzeko. Gabiriako Bekoetxe baserriko Anttoni Murgiondok, Aramako Goikoetxeberriko Maite Zurutuzak, Ibarrako Montes etxeko Patxi Izagirrek eta Arantxa Iparragirrek eta Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki eta Jokin Intxaustik jaso dituzte aipamen horiek, sari ekonomiko batez lagunduta.