Guraso Eskola antolatu dute Legorretan
Urriaren 14an hasi eta maiatzaren 12an amaituko da. Harremanak elkarteko Miren Aiertza psikologoak gidatuko ditu zortzi saioak.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/09/img_8360-683x1024-1.jpg)
Aurten ere Guraso Eskola antolatu dute Legorretan. Urritik maiatzera bitartean, hilean behin, astelehenetan (urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10, martxoak 10, apirilak 7 eta maiatzak 12), Harremanak elkarteko Miren Aiertza psikologoak hainbat gai landuko ditu gurasoekin.
Landuko diren gaiak ondorengoak dira:
– Haurren garapen ebolutiboa.
– Sozializazioa: haurren arteko harremanak, gatazken kudeaketa, frustrazioa.
– Sexualitatea, gorputz irudia, norbere buruarekin eta besteekin harremana.
– Limiteak eta arauak, gurasoen rola.
– Kirola, denbora librea, jolasaren garrantzia.
– Familia estruktura eta familia oreka.
– Komunikazioa, asertibitatea.
Legorretako Udalak jakinarazi duenez, saioen ordutegia “izena ematearen araberakoa” izango da. Izan ere, bi aukera eskainiko dituzte: 17:00-18:30 edo 18:30-20:00. “Gutxienez zortzi pertsonak eman beharko dute izena, eta izen ematea handiagoa bada, bi talde egitea baloratuko da. Izen emate dataren arabera gordeko dira plazak”.
Urriaren 9ra arte egongo da izena emateko aukera, Legorretako Gizarte Zerbitzuetan aurrez aurre, 943 085 290 edo 688 829 013 telefonoetara deituta, edo gizarte@legorreta.eus helbidera mezu bat bidalita.