Idiazabalgo Jasoko langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian
Elkarretaratzearekin batera ekin diote aste honetan iragarritako greba egutegiari. Kaleratzeak “bertan behera uztea” eskatu diote berriz enpresa zuzendaritzari.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/09/lehen_greba_eguna_idiazaba.jpg)
Idiazabalgo Jaso Tower Cranes enpresako langileek, aste honetan iragarritako greba egutegiari ekin diote gaur. Enpresako langile batzordeak deituta elkarretaratzea egin dute 12:00etan, lantegiaren aurrean, “langile guztiak” bertan zirela, Ixone Rekalde enpresa batzordeko kideak esan duenez.
Aurreko astean enpresak zortzi langile kaleratu zituen, “egun batetik bestera eta inolako negoziaziorik ireki gabe”. Kaleratze hauek “dramatikotzat” jo ditu enpresa batzordeko kideak, “erretirotik gertu dauden, edo enpresan 40 urte daramaten” langileak baitaude kaleratuen artean.
Enpresari “kaleratzeak bertan behera uztea” eskatzen diote, baina momentuz, “enpresako zuzendaritzak ez duela hitz egitera eseri nahi” esan du Rekaldek. Aste honetan bi egun, datorrenean hiru eta iraileko azken astean lau eguneko greba deitu dute; eta “irtenbiderik ezean” greba mugagabeari ekingo diote. Enpresari dei egin diote “gurekin harremanetan jarri eta elkarrekin beste aukera batzuk aztertzeko”.
“Argi daukagu eta onartzen dugu enpresaren egoera ez dela ona, baina enpresa hau enpresa historikoa da, urte askotan diru asko irabazi du eta ulertzen dugu badaukala ahalmena beste irtenbide batzuk bilatzeko”, amaitu du.