Idiazabalgo Jasoko langileek grebara jotzea erabaki dute
Hiru asterako greba egutegia plazaratu dute, eta tarte horretan irtenbiderik lortzen ez badute, greba mugagabeari ekingo diotela nabarmendu du enpresa batzordeak. Joan den astean zortzi langile kaleratu zituen zuzendaritzak.
Idiazabalgo Jasoren egoitza. Joan den astean Idiazabalgo Jasoko zuzendaritzak zortzi langile kaleratzeko hartutako erabakiari aurre egin asmoz, grebara jotzea erabaki dugu langile batzarrak. Hala jakinarazi du ohar bidez LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek osatzen duten langile batzordeak.
“Ez dugu enpresaren erabakia onartzen, ez eta erakutsitako jarrera ere. Jada hartua zuen erabaki bat jakinarazteaz gain ez du bestelako aukerak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi. Horregatik, greba eta mobilizazioaren bidea da Jasoko langileoi geratu zaigun aukera bakarra”, nabarmendu du oharrean.
Greba egutegia
Hala, aste honetan greba egingo dute ostegunean eta ostiralean (hilak 12 eta 13), datorren astean asteazkenetik ostiralera (hilak 18, 19 eta 20), hurrengoan asteartetik ostiralera (hilak 24, 25, 26 eta 27) eta, irtenbiderik ezean, “greba mugagabeari ekingo” diote handik aurrera. “Dei egin nahi diegu langile guztiei grebara batu daitezen eta mobilizazioetan par har dezaten, batuta lortuko dugulako”.
Kaleratzeak atzera botatzeko eta negoziatutako irtenbide bat bilatzeko helburuz, “denon lanpostuen etorkizunaren defentsan borrokatuko” direla dio enpresa batzordeak. “Hori dela eta, dei egin nahi diogu enpresari egoera gehiago gaiztotu aurretik akordioetara iristeko borondatearekin hitz egitera eser dadin”.













