Roberto Oriaren argazkiak daude ikusgai Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian
Legazpiarrak 'Simetriak' izenburupean bildu ditu erakusketa honetarako lanak. Irailean eta urrian zehar egongo dira ikusgai.
Roberto Oria San Juan legazpiarraren Simetriak izeneko argazki bilduma dago ikusgai Legazpiko Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian, irailean eta urrian zehar. Ile apaindegi horretan bi hilean behin egiten diren erakusketekin batera argitaratzen duten postalean jaso dutenez, argazki “eklektikoak, dinamikoak, dibertigarriak eta originalak” dira.
Oriak familiaren lantegian egin du lan gaztetatik, metalaren alorrean, baina lanetik kanpo arte diziplina desberdinak landu ditu. Hala, 2009an erakutsi zituen lehen aldiz bere artelanak, Txo! Kolektiboaren hainbat erakusketAtan eta Pasaiako 12×12 topaketan. Urte berean bakarkako lehen erakusketa egin zuen, Joan Kruz ile apaindegian bertan, eta ordenagailuarekin egindako marrazkiak, argazkiak eta burdinazko eskultura batzuk erakutsi zituen. Hurrengo urtean, Gorka Salmeronekin batera erakutsi zituen irudi geometrikoekin osatutako hainbat lan San Migel baselizan, eta 2019an Carlos Ausserladscheider artistari egindako omenaldian ere parte hartu zuen. Oraingoan, argazkiak aurkeztu ditu publikoaren aurrean.