Izarrak behatzeko gaua antolatu du Arrano Kulturak, biharko
Hurrengo asteetarako beste bi ekintza gehiago antolatu dituzte; Beasaingo historiaurrea ezagutzeko irteera irailaren 21an eta Baretxu mendi martxa urriaren 19an.

Izarrak eta konstelazioak behatzeko irteera antolatu du Arrano Kulturak, biharko. Abuztuaren 31an egitea zen asmoa, baina bertan behera utzi zuten eguraldiak behartuta, eta data berria ipini zuten, biharkoa. Ekintza honetako partaideak, 19:00etan, taldean abiatuko dira. Agortatik igoko dira, Murumendira, eta bertan igaroko dute gaua, izarrak behatzen, Aranzadiko adituen laguntzarekin. Lo zakua, kanpin denda, kopetako argia, eta afaria eraman beharko dute partaideek. Hurrengo eguneko gosaria antolakuntzak ipiniko du, Agortan.
Parte hartzeko izena eman behar da arranoingurumena@hotmail.com epostara idatzita.
Hurrengo irteerak
Hilabete honetarako bigarren irteera bat ere antolatu du Arrano Kulturak. Beasaingo historiaurrea ezagutzeko irteera izango da, iralailaren 21ean, eta kasu horretan ere, Murumendira igoko dira. Koenraad Van den Driessche eta Josetxo Mendia historia zaletua izango dituzte bidelagun. Mandubiko Bentatik abiatuko dira, 09:00etan, eta lau ordu inguruko ekintza izango da.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, arranoingurumena@hotmail.com epostara idatzita, eta bost euro ordaindu beharko dira pertsonako.
Baretxu mendi martxa
Hirugarren proposamen bat ere badakarte Arrano Kulturako lagunek. Ekimen berri bat da hau ere. Baretxu mendi martxa antolatu dute, datorren urriaren 19rako. Beasaingo inguruak eta mendizaletasuna sustatzea da ekintza hau antolatzearen helburua.
23 kilometroko ibilbidea izango eta 1.200 metroko desnibela izango du. Ibilbidean zehar, indarrak berreskuratzeko guneak egongo dira janariarekin eta edatekoarekin. Ondorengo irudian ikus daiteke ibilbidea nondik nora egingo den:
Baretxu mendi martxan parte hartzeko izena eman behar da. Aldez aurretik, 10 euroko prezioa du izen emateak, www.herrikrosa.eus webgunean. Egunean bertan abiatu baino lehenago ere egongo da aukera, baina bost euro garestiago izango da.