Mutiloako Ostatua gaur irekiko dute berriz
Gaur, 19:00etatik 21:00etara irekiera ekitaldia egingo dute mutiloarrei irekita. Bihartik aurrera publiko guztiarentzat irekita egongo da Ostatua. Astelehenetan izango dute atseden eguna.

Mutiloako Ostatuak ateak irekiko ditu gaur arratsaldean, abuztuaz geroztik itxita egon eta gero. Dina Aivar del Pino eta Litzana Licas Campos dira maizter berriak. Perutarrak dira jaiotzez baina, ezagunak dira Mutiloan, besteak beste, Lierniko Mujika jatetxean lanean jardun dutelako orain gutxira arte. Gaur arratsaldean irekiera ekitaldia egingo dute 19:00etatik 21:00etara, mutiloarrei zuzenduta. “Pintxoak banatuko ditugu, musikaz lagunduta. Mutiloarrei Ostatuak bere etxea izaten jarraituko duela adierazi nahi diegu”, dio Aivarrek.
Aivar 2006tik bizi da Goierrin. “Ordiziako Tximista sagardotegian hasi nintzen ostalaritzan”, kontatu du. Zazpi urtez lan egin zuen bertan. Lanbidea gustatu zitzaion eta Perura itzuli zen, gero, hiru urtez gastronomia profesionaleko ikasketak burutzera.
Goierrira itzuli zen gero, eta Lierniko Mujika jatetxean zerbitzari hasi zen lanean. Bi urte eta erdiz jardun zuen, orduko jabeak jatetxea itxi zuten arte. Tolosako Agustin Enea jatetxean sukaldeko nagusi bezala aritu zen gero eta 2021ean, Mujika jatetxearen ardura hartzeko aukera sortu zitzaion. Ordurako Licas herrikidea ere Goierrira etorrita zegoen; “ni bisitatzera etorri zen eta pandemiaren ondorioz bertan geratu behar izan zuen”, dio Aivarrek. Licasek Tolosako jabetza-erregistroan egiten zuen lan —baita gaur egun ere— baina arratsaldetan eta asteburuetan Mujikan laguntzen zion Aivarri.
Atsedena hartzeko beharra
Otsailean Mujika jatetxea ixteko erabakia hartu zuten. “Handiegia geratu zitzaigun. Zerbait txikiagoa bilatu nahi genuen, eta iritsi bitartean atseden bat hartzea erabaki genuen”, aipatu du. Mutiloako Ostatua kudeatzeko lehiaketaren berri izan zutenean ez zuten bi aldiz pentsatu. Mutiloako San Pedro jaietako patata tortilla lehiaketan epaimahai izateko gonbita jaso zuten: “Herritarrek Mutiloako Ostatua hartu behar genuela esaten ziguten”.
Gaurko irekieraren ostean, bihartik aurrera publiko zabalarentzat irekiko dute berriz Ostatua. “Etxean egindako bertako janaria eskainiko dugu”, dio Aivarrek. “Oso gustuko dut Euskal Herriko gastronomia”, aitortu du. Astelehenetan atseden eguna izango dute; asteartetik ostegunera eta igandetan 10:00etatik 22:00etara egongo da irekita Ostatua, eta ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 00:00etara.
“Astean zehar eguneko menua eskainiko dugu. Ostiral eta larunbat iluntzetan plater konbinatuak, ogitartekoak, hanburgesak, errazioak… Eta asteburuetan, asteburuko menua eta karta egongo dira aukeran”, azaldu du. Saltsak oso gustuko ditu Aivarrek eta bere jakien artean buztana edo txipiroiak saltsan nabarmendu ditu. Arrain zopa, krep beteak, alberjinia beteak… ere arrakastatsuak dira Aivarren eskaintzan.