50 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira udazkenean Beasainen
Udazken kulturaleko egitaraua aurkeztu dute gaur, 50 ekitaldi desberdin baino gehiago izango dituena, eta azaroaren 13ra arte luzatuko dena. Ostadar dantza taldearen 40. urteurrena ospatzeko '24 ordu etengabe dantzan' ekitaldiarekin irekiko dute egitaraua. Udaletxeko eraikinaren urteurrena ere ekintza bereziekin ospatuko dute.
Kultur agenda bete-betea izango da Beasainen hurrengo hilabeteetan, Udazken Kulturala egitarauari esker. “50 ekitaldi baino gehiago izango dira azaroaren 13a bitarte” eta eskaintza “anitza, oparoa eta zabala” izango dela iragarri du Leire Artola Beasaingo alkateak, Amaia Gomez de Segura kultur teknikariarekin batera, gaur goizean udaletxean egin duten aurkezpenean.
“Kultura eta barnean dituen adierazpide guztiak benetan beharrezkoak dira denontzako, eta ildo estrategiko nagusietako bat da udal honentzat” nabarmendu du Artolak, egitaraua aletzen hasi aurretik. Udazkenak ekarriko duen kultur ekintza sorta era parte hartzailean antolatu dutela azaldu du Beasaingo alkateak, “beasaindarrentzat baino, beasaindarrekin osatu” den egitaraua dela, beraz, “herriko elkarte guztiekin egindako lanketaren ondorio da” dela. Alkatearen hitzetan, “gure asmoa da, Beasain hobe eta aberats baten lan egitea, kultura sustatuz eta gizarte kohesionatu eraikiz; kultura gure nortasunaren oinarria da eta elkargunea da”, borobildu du. Hitz hartzea bukatzeko, parte hartzeko gonbita luzatu die beasaindar eta inguruko herritar den-denei.
Musika kontzertuak, erakusketak, ipuin kontaketa saioak, antzerkiak, bisita gidatuak, liburu aurkezpenak, dantza saioak,… Denetariko ekintzak dakartza Udazken Kulturalak. Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak informatu duenez, «etxeetan jaso dira esku-orria eta udalaren webgunean eta aplikazioan ere kontsulta daiteke egitaraua». Buzoietan jaso denak, urriaren 20ra arteko ekitaldiak jasotzen ditu. Hortik aurrerakoak, beranduago jasoko dira. Hemen esku-orria.
Udaletxeak 100 urte
Datorren urriaren 26an 100 urte beteko ditu Beasaingo udaletxeko eraikinak. Leire Artolak nabarmendu du “herriaren bihotzean, gure historiaren eta gure kulturaren lekuko dena”, eta data borobila ospatzeko, “garrantzia berezia” izango duten hainbat ekintza antolatu dituzte, Udazken Kulturalaren lehenengo zatiko esku-orrian jasota ez daudenak.
Urriaren 25erako, haur eta gaztetxoentzako sormen tailerra antolatu dute, kantu jirak irteera egingo du eta herritar guztientzat dantza akrobatiko saio berezi bat antolatu dituzte.
Urriaren 26an, marrazketa urbanoa izango da, eskalada ikastaroa eta arratsaldean, Ekaitz konpartsak herriko kaleak girotuko ditu. Egun horretarako ere, txistularien alardea antolatu dute, eguraldi ona izatekotan, Loinazko San Martin plazan izatea nahi dutena. Elektrotxaranga ere izango da egun horretan.
24 orduz dantzan
Ostadar dantza taldeak antolatu duen 24 ordu etengabe dantzan ekitaldiak irekiko du, ostiral honetan. Dantza taldearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia da honako hau. Izenak berak iragartzen duen moduan, 24 ordu etengabe egingo dute dantza, herritarren eta elkarte desberdinen laguntzarekin. Ostiralean, 20:00etan hasita, 15 minutuko txandak antolatuko dituzte, eta hurrengo egunera arte iraungo du ekitaldiak.
Dantza taldearen urteurrenarekin batera, Maurizia Aldeiturriaga pandero jole bizkaitarra ere omenduko dute bere jaiotzaren 120. urteurrena dela-eta. Ekimena Bideluze plazan izango da. Bi egun hauetan plaza dantzak dantzatuko dira (fandangoak, arin-arinak, jauziak…), beraz, dantza egiteko nahiz musika jotzeko gai den jendea animatu nahi dute parte hartzera. Izena emateko, https://24orduzdantzan.eus webgunean.
Argazki lehiaketa
Udazken Kulturaleko egitarauaren aurkezpenarekin batera, Beasaingo Udaleko egutegia osatzeko argazki lehiaketa ere gogoratu dute. 2025 urteko egutegia osatzeko argazkiak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira. Beasaingo auzoak gaia irudikatu beharko dute.
Bide batez, 2026 urteko egutegirako aukeratu duten gaia ere aurreratu dute; urtaroak Beasainen izango da.