Agorreko Santikutzak joan dira
Musika bandak eta dultzaineroek egindako kalejirak eman zien amaiera jaiei atzo arratsaldean.
Ostiral arratsaldean hasi eta igande iluntzera arte, Legazpi jai giroaz bete da Agorreko Santikutzekin. Eguraldi paregabea izan da asteburu osoan, fresko samarra, hori bai, baina herritarrek ez dute aukerarik galdu kalera irten eta era askotako ekitaldiz beteriko jai egitarauaz gozatzeko.
Bizikleta festa, kantu-afaria, erraldoien alardea, gastronomia lehiaketa, bola txapelketa, atletismoko milia, saskibaloia, Gorostiagako erromeria, bandaren eta dultzaineroen kalejira, mariatxia eta txosna guneko musika emanaldiak izan dira ekitaldi aipagarri batzuk, baina askoz ere gehiago izan dira.
Txirrindulari festarekin hasi ziren jaiak, eta atzoko bandaren eta dultzaineroen kalejirarekin amaitu.
Telleriarteko Txirrindulari elkartearen laguntzarekin egin zen bizikleta festa, plazan, 119 partaiderekin, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak guztia. Hiru adin tartetan banatuta parte hartu zuten, eta talde bakoitzeko bizikleta bat zozkatu zuten antolatzaileek; irabazleak Sara Alustiza, Iñaki Miranda eta Aimar Izagirre izan ziren. Zatika enpresak emandako hainbat opari ere zozkatu zituzten.
Kantu afariak, berriz, makina bat legazpiar igo zituen oholtzara, eta une goxo eta alaiak utzi zituen Gernika enparantzan ostiral iluntzean.
Gastronomia eta bola txapelketak
Larunbata, Legazpiko Erraldoi Konpartsak antolatutako alardearekin esnatu zen, eta herriko kaleak Legazpiko bertako, Iruñeko Errotxapea, Ororbia eta Alde Zaharra eta Urretxuko eta Ordiziako konpartsek hartu zituzten, Doinuzahar gaiteroekin batera.
Bestetik, aurtengo gastronomia lehiaketak inoiz baino partaide gehiago izan zituen, 15 talde denera, eta guztien artetik 50 izeneko taldeak prestatu zuen buztan platerik onena. Bigarren postuan Tenacitas taldea geratu zen, eta hirugarrenean, Iker Azpeitiak eta Xabier Jauregi izan ziren.
Bola txapelketa igande goizean jokatu zen udal bolatokian, Danantzako elkarteak bultzatuta eta Santikutz Txiki Saria izenarekin. Gipuzkoa mailako txapelketa zen, eta 40 bolarik parte hartu zuten, gizon zein emakume. Emakumezkoetan Zeraingo Goretti Beloki zarauztarra izan zen garaile 21 birlekin, Garbiñe Alustiza zeraindarra eta Elena Aldaz zarauztarrak izan ziren bigarren eta hirugarrena 20 birlekin, eta Aitziber Makazaga zeraindarra laugarrena 18 birlekin. Gizonezkoetan Legazpiko bertako Ion Orikainek irabazi zuen 37 birla botata, Juan Ramon Aramendi gabiriarra bigarrena izan zen 36 birlekin, eta Egoitz Berasategi segurarra eta Joxe Mari Etxebeste villabonatarra hirugarrena eta laugarrena, 35 birlarekin.
Goizean, bestalde, ohiko erromeria egin zuten Gorostiaga mendian, eta meza, hamaiketakoa eta Goiz Deia txistularien saioa izan ziren bertan.
Jaiei amaiera emateko, Legazpi Musika bandak kalejira egin zuen arratsaldean, dultzainerok lagunduta.
Balorazioa egiteko bilera
Jaiak amaitu berritan, udalak bilera antolatu du balorazioa egiteko. Ostegunean izango da, hilak 19, 18:30ean, Kultur Etxeko ikastaro gelan.
Hemen jaien laburpena irudietan. Argazkiak: Juan Luis Ormazabal (txirrindularienak), Doinua musika eskola (kantu afaria), Josema Azpeitia eta Ainara Osinalde (sukaldari lehiaketa), Juan Pedro Agirre (bola txapelketa), Iker Azpeitia (Gorostiaga erromeria), eta Tere Madinabeitia.