Dantza eta arte garaikideaz gozatzeko aukera, Mutiloan
Mutiloarako doako autobus zerbitzua iganderako.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura sailak eta NODEk, Donostiako dantza, performace eta ikus-entzunezko konpainiak sustatutako Labo Geo programaren bitartez, dantza eta arte garaikideaz gozatzeko aukera izango da asteburu honetan Mutiloan. Egitasmoak kultur eskaintza Gipuzkoako herri txikietara gerturatzea du helburu. Larraulen eman zitzaion hasiera egitarauari pasa den asteburuan eta larunbatean eta igandean egingo du geldialdia Labo Geok Mutiloan. Altzon amaituko da irailaren 29an.
Ekimenak formatu bera edukiko du hiru udalerrietan. Larunbatetan mugimendu, ahots eta plastika tailer parte-hartzaileak egingo dira, eta, igandean, arte eszenikoetako ikuskizunak eta udal ondarea ezagutarazteko jardunaldiak. Mutiloari dagokionez, irailaren 21ean, larunbatarekin, mugimendu, ahots eta plastika ikastaroak emango dituzte, bi ordu eta erdiko iraupenekoak, edonorentzat irekiak, 10:00etatik 12:30era udaletxeko ganbaran. Biharamunean, irailaren 22 igandean, Borja Bordonaberen Solo, Neri(h)ariren Nere azalean arrotz? eta Larrua Proiektuaren Idi begi ikuskizunak egingo dituzte, 12:00etan hasita.
Doako autobus zerbitzua
Herri txikietara kultura gerturatzeaz gain, hirietako edo herri handiagoetako bizilagunei landa ingurunea ezagutu eta testuinguru ezberdin batean kulturaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du ekimenak. Horregatik, doako autobus zerbitzua antolatuko dute Donostian eta Tolosan bisitariak hartzeko.
Igandean, Gipuzkoako bisitariak Mutiloara gerturatzeko autobusa Donostiako Easo plazatik 10:00etan irtengo da eta 10:30ean Tolosan geldialdia egingo du Rondilla kaleko 34an. Itzulera 14:00etan aurreikusi dute Mutiloan. Autobusean eserlekuak erreserbatzeko formulario bat bete behar da Laboren web gunean.