Eritz Atxega lazkaotarrak irabazi du kadeteen Arabako Itzulia
Inoxcra-Beasain taldeak lan eta emaitza aipagarriak ondu ditu. Etapa garaipen bat, hainbat podium, nagusiko lidertza, taldekakoa eta tarteko helmugen saria eskuratu dituzte goierritarrek.
Eritz Atxega Iraola lazkaotarrak (Inoxcra-Beasain) irabazi du 46. Arabako Itzulia. Lau etapako itzulia jokatu dute iraileko bi asteburutan, eta atzo bukatu zen, Iruña Okan. Larunbateko hirugarren etapan lortu zuen Atxegak lidertza hartzea, Jugatxiko gainean amaitu zen lasterketan. Inoxcra taldearen lan eskergari esker, azken etapa –esprintean amaitu zen– kontrolatu, eta Arabako Itzuliaren jabe bueltatu dira goierritarrak.
Aurreko etapetan ere erakutsi dute bigarren urteko kadeteek euren ahala. Itzulia irailaren 7an hasi zen, Ozaeta-Barrundia etaparekin (72,9 km). Postu diskretuenak orduan erdietsi zituzten arren –Atxega, ondoen sailkatua, 10. izan zen–, taldekakoan hirugarren onenak izan ziren Inoxcrakoak.
Biharamunean, irailak 8, Artziniegako etapan bigarren sailkatu zen Oxel Azkarate lazkaotarra, Sergio Filipe Rodrigues garailearekin (Siega Verde-Ekiparte) esprinta jokatuta. Bosgarren sartu zen Atxega, 4 segundora –sailkapen nagusian 3. postura jauzi eginez–, eta 13. Jon Eskisabel gabiriarra, 9ra. Taldeka eguneko onena izan zen Inoxcra.
Benetako errematea asteburu honetan jo dute. Larunbatean, Sarria-Jugatxi hirugarren etapa luzea bezain gogorrak jarri zuen bakoitza bere lekuan. Jugatxiko gainean Eritz Atxegak irabazi zuen etapa, eta sailkapen nagusiko lidertza eskuratu zuen. 40-60 segundoko aldea atera zien gainerako aurkariei, azken jardunaldirako tarte erosoa zabalduta. Haitz Zunzunegi baliarraindar taldekidea hirugarren sailkatu zen egunekoan.
Atzo, bukaera jarri zion Iruña Okako 4. etapak (52 km) Arabako Itzuliari. Etaparen kontrol egokia egin zuen Inoxcrak. Hala, tarteko helmugen sari nagusia Eskisabelek ziurtatu zuen, Argantzungo bi pasaeretan aurrena eta bigarren igarota. Azkenean, Eritz Iraola Arabako Itzuliaren irabazle, taldeka onena Inoxcra-Beasain, eta tarteko helmugen irabazle Jon Eskisabel izan dira.
2024-9-15 Arabako Itzulia 4etapa eta nagusia Jon Eskisabel
Argazkiak: Iñaki Gonzalez de Heredia (Facebooken)