Eskualdeko geologia aztergai, bost herrien arteko ibilaldian
Eskualdeko ezaugarri orokorrez gain, Ataungo Domoaren izaeran sakonduko dute. Joxan Auzmendik hitzaldia egingo du ostegunean.
2015etik ohitura denez, Bost herrien arteko ibilaldia egingo dute datorren larunbatean Idiazabal, Segura, Zerain, Zegama eta Mutiloako bizilagunek. Idiazabal, Segura eta Zegamako mendi elkarteek eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteek antolatzen dute urtero, txandaka. Aurten, Idiazabalgo mendi elkartekoei egokitu zaie antolakuntza.
Urtero gai ezberdin baten inguruan antolatzen da irteera eta aurtengorako aukeratutako leloa … eta itsaspetik lurra agertu zen da. Idiazabalgo mendi elkartetik adierazi dutenez, «aurten gure mendiak osatzen dituzten materialak» izango dituzte aztergai. «Hauek ez dira beti horrelakoak izan, aldatuz joan dira, bere historia dute: historia geologikoa», diote. Eskualdeko geologiaren ezaugarri orokorrak ezagutzeaz gain, «Ataungo Domoaren izaeran sakontzeko» aukera eskainiko du larunbateko irteerak. «Ataungo mugan dauden Idiazabalgo mendietatik ezin hobeto ikusten da egitura hori, eta aurtengo ibilaldia horietan barrena gauzatuko da», azpimarratu dute.
Auzmendiren hitzaldia
Interes handiko ingurune geologikoa da eta «geologoek bereziki aztertu dute Ataungo Domoa». Hain zuzen, gai honetan aditua den Joxan Auzmendi izango dute gidari eta laguntzaile ibilbidean zehar. Aurretik gainera, hitzaldia eskainiko du, ostegunean 19:00etan, Idiazabalgo udaletxean Gure mendiei begira, zer dio geologiak? izenburupean.
Idiazabalen hasi (8:00) eta amaituko da orotara 11,5 kilometro dituen ibilbidea. Atxurbideko tontorrean hamaiketakoa egingo dute eta amaitzeko, Idiazabalgo Pilarreneko tabernan bazkaria. Parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea.