Sorgintxulok jaso du CIE Legazpiren urteko diru laguntza
Enpresak 2017an sortu zuen herriko komunitatea laguntzeko diru lerro hori, eta ordutik Legazpiko bederatzi elkartek jaso dute saria.
Sorgintxulo Aisialdi taldeak jaso du aurten CIE Legazpi enpresak 2017tik urtero ematen duen diru laguntza edo saria. Herriko haurren eta gazteen aisialdia euskaraz betetzeko egiten duen irabazi asmorik gabeko lanagatik, 4.000 euro jaso ditu elkarteak.
Gaur goizean egin dute dirua emateko ekitaldia lantegian bertan. Elkartekide guztiak ordezkatuz, Eneko Uranga, Markel Diaz eta Ander De Lacallek «gustura» jaso dute CIE-ren laguntza. Esker hitz ugari izan dituzte enpresaren laguntza horrekiko, eta uztailean egiten duen kanpaldirako azpiegitura berritzeko erabiliko duela aurreratu dute. Gainera, elkartearen logotikoa brodatuta daraman txapela oparitu diote enpresari, esker on hori adierazteko.
CIE-tik, Iñigo Fernandez lantegiko zuzendaria, Oscar Valbuena teknikaria, Gorka Hormaetxe giza baliabideen arduraduna eta Sorgintxulorekin harreman zuzena duten Ander eta Iban Najera langileak izan dira dirua emateko ekitaldian.
Herri osorako dirua
Sorgintxulo irabazi asmorik ez duen elkartea da, 1989an sortua, eta Legazpiko haurren aisialdia euskaraz dinamizatzeko helburua du. “Euskara, jolasa, adin desberdineko jendea elkartzea…” dute jomugan, gaurko ekitaldian azaldu dutenez. Borondatez lan egiten duten begirale gazteek osatzen dute, eta “denak aurretik elkarteko ekintzetan parte hartutakok” dira. Udalarekin hitzarmena dutela azaldu dute, baina horren trukean jasotzen duten dirua egin nahi duten guztirako justu samarra dela zehaztu dute, eta horregatik, “oso gustura” hartu dute CIEren ekarpena, “uztaileko kanpaldian erabiltzen dugun materiala berritzeko erabiliko dugu batez ere, eta taldeko kide batek udalekuetako zuzendari titulua ateratzen laguntzeko ere bai”.
CIE-ko ordezkariek elkarteak herrian urte osoan zehar haurrekin eta gaztetxoekin egiten duen lana goraipatu dute, eta uztaileko kanpalekua nabarmendu dute, elkartearen ekitaldi izarra delako. Lantegiko langile askok elkartearekin harremana dutela ere aipatu dute. Izan ere, diru laguntza hau jasotzeko baldintzetako bat, elkarteak lantegiko kideekin harremana izatea da, eta era batera edo bestera Sorgintxulorekin lotutako “15-20 langile” gutxienez zenbatu dituztela argitu dute.
2017tik, Atzegi, Nagusilan, Begisare, La Salle eskubaloia, Hare Haizea, Ilintxa, Andraitz, Hotz Legazpi eta Iratzarri elkarteak izan dira CIE-ren diru laguntzen onuradunak.
Automobilgintzan, 201 langile Legazpin
CIE Automotive automobilgintzarako lan egiten duen multinazional euskalduna da, eta 16 herrialdetan sakabanatuta dauden 114 lantegi biltzen ditu, horien artean Legazpikoa. Iaz ia lau mila milioi euroko fakturazioa izan zuen taldeak, eta hazkunde fasean dago murgilduta.
Legazpiko lantegian 201 langile ari dira lanean, eta forja lanak egiten dituzte bertan. Besteak beste, autoentzako eta ibilgailu industrialentzako koroa diferentzialak, aurreko transmisiorako piezak eta palierrak egiten dituzten, baita ibilgailu industrialetarako hainbat pieza ere. Orain, ibilgailu elektrikoan dute jarrita erronka.
Multinazional honek kudeaketa deszentralizatua du, eta lantegiak autonomoak dira. Legazpiko CIEk 64 mililoi euroko fakturazioa izan zuen iaz. Diru kopuru horren barruan, 4.000 euroko partida gorde zuen herriko komunitatea laguntzeko diru sariarentzat, eta aurten ere hala egin dute.