Erreka Egunean parte hartzeko izena eman daiteke astelehenera arte
Hilaren 28an, larunbatarekin, egingo da aurten Legazpi zeharkatzen duen Urola ibaiaren eta beste erreka batzuen garbiketa. Ikastetxeetan eta udalean eman behar da izena.
Aurtengo Erreka Eguna hilaren 28an, larunbatarekin egingo da, eta Legazpiko Udalak eta herriko ikastetxeek irekita dute izenak emateko epea hurrengo astelehenera arte, hilak 23. Domingo Agirre, Haztegi eta Olazabal ikastetxeetan, udaletxean bertan edo www.legazpi.eus webgunean. Taldeen osaketa hilaren 25ean argitaratuko dute udalaren webgune horretan bertan.
Erreka Egunarekin, Legazpik Let´s Clean Up Euskadi 2024! (Garbitu dezagun Euskadi 2024) kanpainarekin bat egingo du aurten. Europa osoko ekintza komuna da, naturara kontrolik gabe botatzen diren hondakin kopuruaren inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizazio ekintzak sustatzeko, eta basoetan, hondartzetan, ibai ertzetan eta beste toki batzuetan legez kanpo isuritako hondakinak biltzea proposatzen du.Hala, Legazpin, hilaren 28ko goizean, Urola ibaira eta herriko beste erreka batzuetara iritsi behar ez zuten elementu arrotz guztiak jasoko dituzte: plastikoak, metalak, trasteak…
Lana amaitutakoan, partaide guztiak Azokan elkartuko dira trikiti doinuez lagunduta hamaiketakoa jateko. Gainera, bildutako hondakinak plazan jarriko dituzte ikusgai, herritarrak kontzientziatzeko.
Iaz 94 boluntariok parte hartu zuten, eta guztira 730 kilo hondakin jaso zituzten.