Indaba beltzaren faltan, potxa aukeran
Zuriak eta gorriak, babarrun freskoak edo goiztiarrak bakarrik daude ferian oraindik, betiko indaba beltza iritsi bitartean. Aurten berandu dabil, eta eguraldia goxatu arte ez omen da iritsiko.
Udazkeneko produktuz beteta esan dio agur udari feriak, eta berritasun ugarirekin gainera. Gaur izan da udako azken feria, eta barazkien, fruten, perretxikoen eta lekaleen ataletan iritsi diren produktu berri batzuk aurkeztu dira bertan.
Lekaleen artean, garai honetan iritsi ohi den indaba beltzaren falta nabaria da Plaza Nagusiko postuetan, eguraldiak hala eraginda, berandu datorrelako aurten. Baserritarren diote eguzkia eta beroa behar direla orain lekan dauden aleak heltzeko, eta gero hego haizea, ondo lehortzeko. Oraindik pixka bat falta omen zaio horretarako, baina eguna iritsi arte, potxa dago aukeran. Babarrun zuri freskoa edo goiztiarra da berez potxa, baina gorriari ere hala deitzen diote batzuk. Bi motatakoak daude aukeran Ordiziako ferian, zuria zein gorria, kiloa 10 euroan.
Barazkiei dagokienez, alberjinia zuria izan zen atzoko berritasuna,. Zeraingo Iñaki Intxaustik zuen salgai, ekologikoa gainera, gorriaren pareko prezioarekin: kiloa 3,5 euroan.
Eta frutetan, gaur lehen aldiz ikusi diren irasagarra eta gaztaina aipatu behar dira. Irasagarra Aramako Maite Zurutuzak zuen, kiloa 4 euroan, baita fruta horrekin egindako dultzea ere, kiloa 10 euroan. Sagar dultzea ere bazuen salgai, prezio berean. Bestetik, urteko lehen gaztainak ere iritsi dira, eta Mikel Lasak izan ditu salgai, Nafarroan bildutakoak, kiloa 3 euroan.
Udazkenarekin, edo eguraldi fresko eta hotzarekin lotzen den beste produktu bat ere aurkeztu dute gaur arto opila, aurreko denboraldia amaitu eta denbora gutxira, bezeroen artean estimazio handia duelako. Maite Iturbe legazpiarrak jarri du salgai, berak Udanako okindegian egindakoa, kiloa 6 euroan, eta saldu ere, azkar asko.
Lehen niskaloak eta piperrak
Perretxikoetan niskaloak izan dira berriak. Maria Jesus Oriak jarri ditu salgai, urteko lehen kilo parea, bakoitza 20 euroan. Bestela, onddoa da hizpide orain, hemen inguruan gutxi dagoelako oraindik; gaur, hala ere 12 kilo izan dira salgai, 25 eta 35 euroa artean. Gehiago ere izan dira, baina kanpokoak, 60 kilo, Barcinaren postuan (22-35 euro). Beste 40 kilo ziza hori (15-25 euro) eta bost kilo gibelurdin ere eskaini dituzte, azken horiek inguruko mendietan bildutakoak, eta kiloa 30 euroan.
Fruta sailtzaileen postuak, berriz, gorriz ari dira margotzen, Nafarroako lehen piperrak saltzen hasi direlako: najerano motakoa zen horietako bat, Leringoa, kiloa 1,25 euroan, eta Mendabiako pikillo ere eskaini dute, kiloa 1,65 euroan.
Feriaren zati bat, Garagartza plazara
Amaitzeko, feriako postu batzuen kokapen aldaketa aipatu behar da, Plaza Nagusia berritzeko egiten ari diren obren eraginez, eta dena ondo bidean, hurrengo astean Garagartza plazan jarritako karpan izango direlako bertako postuak, barrukoak zein ingurukoak. Aspaldi batean ere plaza horretan egin zen tarte batez feria, beste obra batzuk tarteko.