Sexu erasoa errefusatuko dute gaur Lazkaon
Igande goizaldeko 02:30ean Lazkaoko taberna batean gertatu zen salatutako erasoa. 35 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak.
Larunbatetik iganderako gauean Lazkaon sexu eraso bat jasan zuela salatu du emakumezko batek. 02:30ean gertatu zen salatutako erasoa, Lazkaoko plaza ondoko taberna batean. Ukituak egin zizkion gizonezko batek. Igande berean jarri zuen salaketa, eta Ertzaintzak 35 urteko gizonezkoa atxilotu zuen, ekintzaren egile gisa.
Erasoaren berri atzo iluntzean zabaldu zen publikoki. Lazkaoko Udalak “jai aske, anitz eta parekideak nahi” dituela dioen oharra kaleratzean. Eraso matxista horren “salaketa irmoena” adierazi du. “Jaiak eta gauak guztiontzako dira eta modu askean bizitzeko aukera izan behar dugu guztiok. Gure jendartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik arbuiagarrienak dira eraso matxistak”, dio oharrean.
Elkarretaratzea deitu dute gaurko
Lazkaoko Talde Feministak, beste komunikatu batean, “aske bizitzen utzi nahi ez digutenekin nazkatuta” dagoela adierazi du, “gure gorputzen jabe direla uste duten horiekin eta egoera hau betikotzen duen sistema zisheteropatriarkal kapitalistarekin”.
Erasotutako emakumeari babesa eta elkartasuna adierazi dio Talde Feministak. Sustengu hori emateko, eta “indarkeriarik gabeko bizitzen alde”, elkarretaratzea deitu du gaurko, asteazkena, 19:00etan Lazkaoko plazan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, adierazpen instituzional batekin azaldu du gaitzespena, eta emakumeari gertutasuna eta elkartasuna adierazi dizkio. Aldundiak bat egin du Lazkaoko Udalaren adierazpenarekin, Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Protokolo Instituzionalaren arabera jokatuta.
“Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen. Horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean”, esan du foru aldundiak.