Ezkurrenean kokatutako eguneko arreta zentroa inauguratu dute
Lehen mailako mendetasun egoeran edo mendetasun arriskuan eta 65tik gora dituzten herritarrei zuzenduta dago. Momentuz zazpi erabiltzaile ditu, baina bederatzi plaza ditu. Urriko astelehenetan, ateak irekiko dituzte, zerbitzua erakusteko.
Legazpiko Udalak gaur goizean inauguratu du Ezkurrenea eraikineko beheko solairuan martxan dagoen Eguneko Arreta Zerbitzua. Ekitaldian zerbitzuko erabiltzaileak eta familiakoak, langileak, herriko gizarte eragileak eta elkarteetako ordezkariak eta udal agintariak izan dira.
Eguneko Arreta Zerbitzu hau apiriletik dago martxan, eta une honetan zazpi erabiltzaile baditu ere, bederatzi plaza eskaintzen ditu. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako buru den Nerea Arregik eta arlo horretako zinegotzi Nerea Lopez de Herediak eman dituzte zerbitzuari buruzko argibideak.
Zerbitzuaren funtzioak
Zerbitzu hau herriko adinekoei dago zuzenduta, eta “horien oinarrizko premiei eta premia soziokulturalei” erantzuteko da. Senitartekoei eta zaintzaileei ere zuzenduta badago, “adinekoen arreta errazteko behar duten orientazioa eta laguntza” ematen dielako. Modu horretara, zerbitzuko erabiltzaileak bere familian eta gizarte ingurunean jarraituko du, “azken batean, etxean bizitzen jarrai dezaten laguntzen da, eta, aldi berean, familiekiko, lagunekiko eta komunitatearekiko harremana sustatzen da”.
Lehen mailako mendetasuna egoeran edo mendetasun arriskuan daudenek erabili dezakete zerbitzua, 65 urteko edo gehiago badituzte. Goizez bi ordu, eta arratsaldez beste bi ordu izango dira, eta bertan bazkaltzeko aukera dute. Une honetan bi plaza daude libre.
Zerbitzuan gauzatzen diren jarduerak langile kualifikatuek prestatzen eta gidatzen dituzte, eta prebentzioaren eta integrazioaren ikuspegitik diseinatuta daude. Estimulazioko eta errehabilitazioko esku hartzean oinarritzen dira jarduera horietako batzuk, eta gaitasunak estimulatzeko ariketa errazak egiten dituzte, eguneroko oinarrizko zereginak egiteko. Bestetik, hezkuntza arloa ere jorratzen dute, eta kultura, aisialdi eta jolas jarduerak egiten dira. Gainera, osasuna eta mugimendua sustatzeko, ibilaldiak eta psikomotrizitate ariketak ere egiten dituzte. Hori guztia egiteko, pertsona bakoitzaren lehentasunak, gaitasunak eta beharrak kontuan hartzen dituzte, “eguneroko bizipena atsegina izan dadin”.
Horrela, “adineko pertsonen eta haien familien zenbait premiari erantzuten diegu, eta haientzat laguntza handia eta atseden txikia da”.
Lehen, Meaztin
Eguneko arreta zerbitzu hau Meazti etxean hasi zen ematen, baina horren ibilbidea aztertu ondoren, Ezkurreneako gaurko kokapenera eramatea erabaki zuten udaleko gizarte zerbitzuek. Kokapen berrian espazio zabalagoa dute, duela gutxi egokitu eta berritutakoa.
“Udaleko gizarte zerbitzuen konpromiso argia da, kalitate handiagoko zerbitzua eman ahal izateko”.
Ate irekiak
Zerbitzu hau ezagutu nahi dutenek urriko astelehenetan izango dute horretarako aukera, ate irekien jardunaldiekin. 10:30etik 12:30era eta 15:00etatik 17:00etara.
Udaleko Gizarte Ongizateko zerbitzuan ere informazioa eskatu daiteke, eta teknikariak laguntza eta aholkuak eskainiko ditu.