Jasoko langileek Idiazabalera eraman dute euren protesta
Manifestazioa egin dute gaur goizean, lantokitik Idiazabalgo erdiguneraino. Bosgarren greba eguna dute gaurkoa. Momentuz, greba egutegiarekin jarraituko dute.
Idiazabalgo Jaso Tower Cranes-eko langileek bosgarren greba eguna dute gaurkoa. Euren aldarrikapenak adierazteko manifestazioa egin dute gaur goizean. Lantokitik atera da manifestazioa 10:00etan eta Idiazabalgo erdiguneraino joan dira. “Zuzendaritzaren borondate falta” dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitzea “beste erremediorik” ez dutela adierazi du langile batzordeak.
Goierriko Hitzan aurreratu bezala, enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak bilera egin dute aste honetan. Baina, langileen ordezkariek adierazi dutenez, “oso kezkagarria eta arduragabea” iruditu zaie erakutsitako jarrera, “ez baitu akordio posible baterako edukietan sartzeko asmorik erakutsi”. “Enpresak ez du negoziatu nahi eginiko zortzi kaleratzeen gainean, eta Jasoko enpleguaren etorkizunarekiko neurriak exijitzean, hitz politez harago, konpromiso konkretuei dagokienez ezer gutxi jarri du mahai gainean”, gehitu dute.
Bosgarren eguna
Gaurkoarekin, bosgarren greba eguna dute Jason. Datorren asteartean, irailak 24, berrekingo diete greba egunei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita. Hortik aurrera greba mugagabera joko dutela aurreikusi du langileen batzordeak.
Langileek “greba eta mobilizazioen bidea ere probestu” nahi dute enpresari jarrera aldatu eta egoera konpontzeko borondatea izan dezan eskatzeko. Izan ere, “gaur gaurkoz ez daugu beste bilera baterako datarik ere”, esan dute.