Antioko amabirjina, eguzkitan
Ekinokzioetan, koruko leihotik sartzen diren eguzki izpiek Antioko amabirjina argitzen dute.
Udaberriko eta udazkeneko ekinokzioetan, Antioko elizara gerturatzen direnek une eder bat bizitzeko aukera izaten dute: 18:00etatik aurrera, koruko leiho handitik sartzen diren eguzki izpiek amabirjina argiztatzen dute. Gaurtik astelehenera bitartean fenomeno horretaz gozatu ahal izango da, lainorik ez badago. Zoritxarrez, udaberrira arte itxaron beharko dela dirudi.
Eguzkiak argia eta beroa ematen ditu eta guztiz beharrezkoak dira bizitzeko. Hori dela eta, zibilizazio guztiek eguzkiaren arabera aukeratu dituzte beraien bizitokiak. Carnac-eko harri lerroa, Stonehenge-ko monumentua, Machu Pichu, piramideak… eguzkiaren arabera orientatu zituzten. Baita Antio ere.
Antioko Lagunen Elkartekoek informazio asko bildu dute, Lux Sacra egitasmoko koordinatzailea den Jose Migel Navarro Lopezi esker. Antioko amabirjinaren argiztatzea Domingo Mendiarazek erretaula egin zuen garaikoa dela uste dute: 1597koa. Izan ere, garai hartan Elizak halakoak bultzatu zituen. Bestalde, udaberriko ekinokzioak amabirjinaren sabelaldiaren hasierarekin bat egiten du. Eguzkiak amabirjina urteko garai zehatz horretan argiztatzea lortzeko, leiho berria egin edo zaharraren posizioa aldatu behar izan zutela uste da.
Euria iragarri dute datozen hurrengo egunetarako. Beraz, aurtengo udazkeneko ekinokzioan eguzkiak ez du amabirjina argiztatuko. Bertaratzen direnek ezin izango dute une magiko hori bizi. Baina Antiora gerturatzeak beti du saria: bihar, 19:30ean, Iñaki Salvadorrek Txoria nuen maite: Laboa gogoan kontzertua egingo du. Laboaren musika berrikusiko du, jazzaren estetikatik abiatuta. Udazken honetan Laboaren musikak argiztatuko du amabirjina.