Pirografoarekin artelanak egiten
Ciriaco Fabian (Zumarraga, 1960) da Kultur Etxean hilaren 27ra arte ikusgai dagoen pirograbatu bildumaren egilea. Pertsona guztiek barruan artista sena dutela dio, eta pirografoa hartzera animatu du jendea. Bera gaztetan hasi zen, eta lan ugari ditu eginak, era eta gai askotakoak.
Gioconda, Bob Marley, Erromako Koliseoa, bikingoa, mandalak… Kultur Etxeko erakusketa aretoa Ciriaco Fabianek egindako pirograbatuz beteta dago egun hauetan. Egurra pirografoarekin erreta egindako marrazkiak dira, era eta gai askotakoak. Erakusketan 42 lan bildu ditu, eta salgai daude, baita etxean utzi dituenak ere.
Pertsona guztien barruan artista bat dagoela dio Fabianek, eta oso hedatuta ez dagoen teknika hau probatzera animatu nahi du jendea. «Pena da, baina pirograbatua ez da asko lantzen, ez da ikastarorik ematen ere, eta nire ustez, edozeinentzat da oso egokia». Kontzentrazioa, pazientzia eta trebetasuna eskatzen dituela onartzen du, baina zaila ote den galdetzean, zailena hastea dela erantzuten du, «gero ikasten joaten zarelako, eta gehiago eta gehiago nahi duzulako».
Gaztetako afizioa
Artista afizionatua da Fabian gaztetatik, Felix Baquerizarekin marrazten ikasten hasi zenetik. Olioa, akuarela, arkatza… denetik egindakoa da. Egurra tailatzen ere hasi zen, eta ez zitzaion gustatu, baina pirograbatua probatzeko aukera izan zuen, eta harekin geratu zen, eta hainbat eta hainbat lan egin zituen, urte batzuk geroago utzi zuen arte.
Baina Zumarragako Udalean obra brigadan eta hilerrian lurperatzaile gisa urte askoan lan egin eta gero, osasun arazoengatik 2015ean lan egiteari utzi behar izan zion, eta «hainbeste denbora librearekin aspertzen hasi nintzenez, eskulanak egiten hasi nintzen». Marrazten hasi zen berriz, egurrezko maketak egiten ere bai. «Itsasontziak, motoak, trenak… denetik. Metro eta erdi luze eta 1,8 metroko altu zen Juan Sebastian Elkano itsasontziaren maketa ere egin nuen». Puzzleak osatzen ere jardun zuen, «batzuk, 8.000 piezakoak». Pirografoa ere hartu zuen, eta duela lau urte Legazpira bizitzera joan zenetik, ez du utzi.
Materiala, interneten
Egur xafla bat eta pirografoa behar dira pirograbatuak egiteko, «marrazten jakitea eta pazientzia handia ere bai». Pirografoak era askotakoak daude merkatuan: «nik lau ditut, eta onenak 1.200 graduko tenperatura har dezake, eta ia 500 euro balio du». Egurra oso garrantzitsua dela dio, eta ez du edozeinek balio. «Erretxinarik gabekoa izan behar da. nik Ameriketako pinu zuria, urkia, banbua edo makala erabiltzen ditut. Ez dira hemengoak, eta internetez erosten ditut. Nahiko garestiak dira horiek ere». Hala ere, hasi nahi dutenei fruta kaxen egurra erabiltzeko gomendatzen die.
Prozesua erraza da. «Irudia aukeratzen dut, zuri beltzean ateratzen diot fotokopia, eta gero kalkatu egiten dut egurrean, pirografoarekin marrazkia egiteko». Hortik aurrera, zaildu egiten da lana, tenperatura desberdinak eta lodiera diferenteko puntak edo lumak erabiliz, tonuak edo itzalak lortu behar direlako, marrazkia osatzen joateko, «kontu handiz, egurra gehiegi ez erretzeko».
Toki berezirik ez da behar lan horiek egiteko, «baina ondo aireztatuta egotea oso garrantzitsua da, egurra erretzeak ke asko sortzen duelako. Nik gela txiki bat dut etxean, eta leiho ondoan egiten dut lan, orduak eta orduak».
Han 15 lan ditu zain orain, «bizio txiki bat da niretzat».