El Noi del Sucre eta John Dealer & The Coconuts taldeak, Oholtza Bete Bihotz kontzertuan
Auto istripuz hil ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi legazpiarrak eta Pau Alsina katalana gogoratzeko kontzertuaren bigarren edizioa izango da. Kontzertua martxoaren 22an izango da, eta sarrerak salgai daude.
El Noi del Sucre Sevillako taldeak eta John Dealer & The Coconuts legazpiarrek joko dute Andoni Zabaleta, Igor Iñurritegi eta Pau Alsinaren omenezko Oholtza Bete Bihotz kontzertuan, hurrengo martxoaren 22an. Azokan izango da kontzertua, Legazpiko Udalak eta Beti Gazte Animakzio Elkarteak antolatuta, Txo!esna eta Odisea Records-en laguntzarekin batera. Sarrerak salgai daude Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan, baita Wegow plataforma digitalean ere, 18 euroan.
Auto istripuz hil ziren Andoni, Iñurri eta Pau gogoratzeko Oholtza bete Bihotz kontzertuaren bigarren edizioa izango da. Iazko San Ignazio auzoko jaietan egin zen lehen edizioa, eta bertan parte hartu zuen hiru gazteek gustuko zuten El Noi del Sucre taldeko abeslari den Lorenzo Moralesek. Oraingoan, talde osoa izango da oholtzan, hain justu agurtzeko egiten ari den biraren barruan. John Dealer & the Coconuts taldeko kideak ere bertan izango dira, San Ignazioko jai haietan Lorenzorekin jo zutenak, alegia.