Ordiziako Jabekuntza Eskolak prest du ikasturte berria
Emakumeen Jabekuntza Eskolak datozen hilabeteetarako programazioa aurkeztu du. Urriaren 2ra arteko epea dago izena emateko.
Ordiziako Jabekuntza Eskolak prest du ikasturte berria. Urritik urtarrilera bitartean, sei ikastaro antolatu dituzte; horietatik hiru berriak dira gainera. Izena emateko epea urriaren 2ra artekoa da; horretarako, mezu bat bidali behar da jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbidera, norbere datuak (izena, posta elektronikoa eta telefonoa) eta zein ikastarotan parte hartu nahi den adieraziz.
Ikastaro berriak
- Urritik abendura bitartean, Pepa Bojoren eskutik, Gure emozioak kudeatzen ikastaroa izango da, ostegunetan (bi astez behin). “Bertan, mundu emozionala deszifratzeko eta gure emozioak era ahalduntzailean kudeatzeko moduak azalduko ditu. Emakume helduei eta nagusiei zuzendutako saioa izango da”.
- Saioa Baenak Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa egingo du, asteartero. Emakume guztiei zuzendutako ikastaroa da, eta besteak beste, erditze ondoko tratamendua edota menopausia garaia landuko dituzte
Mantentzen direnak
- Batukada Feminista, Ainara Sarasketak gidatuta, ostegunetan (bi astez behin). “Jabekuntza ardatz eta perkusioa tresnatzat hartuta, talde lanean batukada feministak esan nahi duena landu, ulertu eta praktikara eramatea da saioaren helburua”.
- Clara Gutierrezen eskutik, sendabelarren inguruko ikastaroa izango da aurten ere, asteazkenetan (bi astez behin). “Aurten, ordea, bi talde egingo dira, bat ikasle berrientzat, eta bigarrena aurreko urteetan parte hartutakoek gaian sakontzen jarrai dezaten pentsatutakoa. Tokiko sendabelarrak eta erremedio naturalak modu praktikoan ezagutu, eta etxeko nahiz laneko gaitz eta gaixotasun arinak prebenitu edo konpontzeko argibideak emango ditu”.
Egun bakarreko saioak
- Twerk (Booty Dance) ikastaroa, azaroaren 30ean.
- Oinarrizko brikolaje tailerra, urtarrilaren 25ean.
Sarea egiteko
Ainhoa Jimenez Berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez, “emakumeontzako Jabekuntza Eskola Ordiziako emakumeek ezagutza eta jakintza elkarbanatu eta sarea egiteko” helburuarekin sortu zen. Eta geroztik, “emakumeok ahalduntzeko, autonomia indartzeko eta norbere burua nahiz elkar zaintzeko” erremintak ematen saiatzen da, beti ere ikuspegi feminista batetik. Orain arte antolatutako ikastaroek “oso harrera ona” izan dutela azpimarratu du, eta ikasturte berriari begira ere, parte hartzeko deia egin die Ordiziako emakumeei.