Ampo Ordizia denboraldi berrirako prest
Ampo kooperatibaren babesa izango du 17. urtez Ordizia errugbi taldeak. Urriaren 6an hasiko dute denboraldia. Larunbatean, hiruko lehiaketa jokatuko dute Ordizian.
Urriaren 6an hasiko du denboraldi berria Ampo Ordizia errugbi taldeak Valentzian. Azken 17 urteotan bezala, Idiazabalgo Ampo kooperatiba izango du babesle. Ampoko Iban Ferreirak gaurko aurkezpenean adierazi duenez, «aurten Ampon 60 urte bete ditugu eta zuen ondoan 17 urte daramazkigu. Bada zerbait!». Batzen dituztenak, «baloreak» izan direla dio: «Talde lana, konpromisoa, ahalegina, inplikazioa…. gure nortasun bezala izendatzen ditugun baloreen defentsak batzen gaitu».
Zazpi fitxaketa
Ampo Ordiziak zazpi fitxaketa egin ditu denboraldi berrirako [eta hamar baja egon dira]. Federico Gallo entrenatzaileak nabarmendu duenez, «Ohorezko Mailan Ordiziarekin jokatzen urte askoan ari direnak, esperientzia handia duten fitxaketak, eta gazteen energiak uztartzeak… irrika handia sortzen ditugu. Jakina, zelaian erakutsi behar da partida bakoitzean». Dena den, “lehen inpresioak onak” direla esan du.
Denboraldi aurreko azken partidak jokatuko dituzte larunbatean Altamiran, Bilbo eta Gipuzkoa Sortzen arteko hiruko txapelketan.
Ordizia errugbi taldeak 20 urte daramatza Espainiako Ohorezko mailan lehiatzen [lau talde bakarrik dira]. «Jende askoren babesa eta konpromisoa adierazten du horrek. Partida guztietan hori islatzen saiatzen gara, emaitzetatik harago. Puntu bat edo bi exijenteagoak da urtetik urtera Ohorezko Maila», nabarmendu du Gallok.
Jokalariak gogotsu
Alain Araña jokalariak nabarmendu duenez, «jokalariak oso gogotsu ikusten gara. Denboraldi aurrea aurrera doa eta geroz eta sentsazio hobeak ari gara sentitzen. Orain geratzen zaiguna da, ahal dugun ondoena egitea. Liga honetan talde txiki bat gara eta gure baloreak ditugu. Ez gara inongo Real Madrid, baina laguntasunarekin, konpromisoarekin eta gogor borrokatzearekin ateratzen ditugu aurrera gauzak. Aurten ere paper on bat egiteko gaude».
«Denboraldi aurrea aurrera doa eta geroz eta sentsazio hobeak ari gara sentitzen»
Alain Araña. Ampo Ordiziako jokalaria.
Mailari eustea helburu
Koro Bosque lehendakariaren esanetan, Ohorezko Mailari eustea da aurtengo helburu nagusia. «Eta ondoren, datorrena datorrela. Datorren guztia oso ondo hartuko dugu». Dena den, aurtengo denboraldia are eta gogorragoa izango da: «Bi denboraldi hauetan asko jokatzen dugu. Orain arte hamabi taldeko ligak izan dira eta orain Espainiako Federazioak hamar taldeko ligara iristea nahi du. Aurten zuzenean bi talde jaisten dira, eta bat igo; eta hurrengo urtean ere beste bi talde jaitsiko dira eta bat igoko da. Hamarreko liga geldituko da. Horrek presio handia sortzen digu eta ahalegin guztiak egin behar ditugu Ohorezko Mailan geratzeko». Hala ere, Bosque «ziur dago, jokalariek ahal duen ondoen egingo dutela».
Datozen bi urteetan bi talde jaitsiko dira. Horrek presio handia sortzen digu.
Koro Bosque. Ampo Ordiziako lehendakaria.
Ohorezko Mailan jokatzen duen talde bakarra da Ampo Ordizia, eta horri eutsi nahi diote. «Lana latza daukagu mantentzen». Erakundeen, enpresen eta zaleen laguntza eskatu dute, Amporen babesa eskertzearekin batera.