Ehiztari egokituen txapelketa egin du laugarrenez Katta-gorri elkarteak
Larunbatean jokatu zen, Burgosen, eta bost bikotek parte hartu zuten. Kantabriako Pablo eta Pablo Carral aita-semeek irabazi zuten.
Legazpiko Katta-gorri elkarteak ehiztari egokituen txapelketa antolatu du, laugarrenez, berriz ere inklusioari keinu bat eginez. Burgosko Cernegula ehiza barrutian (Espainia) jokatu zen joan den larunbatean, eta Kantabriako Pablo eta Pablo Carral aita-semeek irabazi zuten. Guztira bost bikotek parte hartu zuten. Bikote irabazlea nahiko ezaguna da ehiztari egokituen txapelketan munduan, sari ugari dituztelako irabazita.
Txapelketa 09:30 eta 12:30 bitartean gauzatu zen. Lehen aldia zen txapelketa Cernegulako barrutian egiten zutena, eta antolatzaileak oso gustura geratu ziren, ehiztari egokituak oso ondo eta modu erosoan moldatu zirelako hango parajeetan. Partaideek eperrak harrapatu behar zituzten, txakurrez lagunduta. Amaieran, lagun arteko bazkari bat egin zuten guztiek.
Txapelketa gehiago
Hau ez da Katta-gorrik antolatzen duen ehiza txapelketa bakarra. Hurrengoa, otsaila edo martxoan izango da, bazkideentzat, Katta-gorri Kopa deitutakoa.
Baina lehenago, elkarteko ehiztariek beste hitzordu bat izango dute, ehiza federazioak antolatuta, Arabako Zanbranan egingo den eskualde mailako txapelketarekin.
Elkarteko ordezkariek diotenez, ehiztarien jarrera parte hartzailea eta kolaboratzaileen laguntza ezinbestekoak dira horrelako ekintzak aurrera eraman ahal izateko.