Txakurren jabeei zuzendutako formakuntza saioak antolatu ditu udalak
Urriaren 2tik aurrera izango da ikastaroa, asteazkenero, zortzi astez. Hamar plaza daude, eta hilaren 30ean amaituko da izenak emateko epea. Beasaingo Kangune zentroko arduradunek gidatuko dituzte saioak.
Txakurren jabeei zuzendutako formakuntza saioak antolatu ditu Legazpiko udalak, eta Kangune enpresak emango ditu urriaren 2tik aurrera. Doako ikastaroa izango da, eta hilaren 30era arteko epea dago izena emateko. Udalaren www.legazpi.eus webgunean edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eman behar da izena. Hamar plaza izango dira, baina eskaera gehiago izaten badira, zozketa egingo dute. Txakurrek txipa eta txertoak jarrita izan beharko dituzte.
Txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza errazteko helburuarekin antolatu du udalak ikastaroa. Urriaren 2an hasita, asteazkenero izango dira saioak, zortzi guztira. 19:00etan, Euskal Herria plazan. Formatzaileak Beasaingo Kangune zentroko Xabier Arrese eta Andrea Ruiz izango dira. Hiriguneko obedientzia landuko dute, oinarrizko maila.