Festa eguna dute gaur 80 urtetik gorako legazpiarrek
Ohiko bazkaria egin dute Azokan, 172 herritar elkartuta. Omenaldiak izan dira, eta aurreskua dantzatu diete bazkaltzen hasi aurretik. Bazkalondoan Alaitasuna errondailak emanaldi txiki bat eskaini die.
Gaur 80 urtetik gorako herritarren eguna da Legazpin, udalak eta Nagusilan eta Buztinegi elkarteek antolatuta. Meza izan dute lehenik parrokian, eta bazkaltzeko elkartu dira gero Azokan, 172 herritar guztira.
Ohi bezala, omenaldiak ere egin dituzte bazkaldu aurretik, eta adin gehiagoko bikoteak, gizonak eta emakumeak opari bana jaso dute Eric Galvez alkatearen eta gizarte gaietako zinegotzi Nerea Lopez de Herediaren eskutik. Aurreskua ere dantzatu diete herriko bi dantzarik, txistulari batek lagunduta.
Urte gehien elkartzen dituen bikotea Felix Gastañares Yarzak (92 urte) eta Carmen Etxezarreta Sodupek (86 urte) osatutakoa izan da; gizonik adinduena, Silverio Arana Lecea (96 urte) izan da; eta emakumerik adinduena, Luisa Badiola Larrañaga (95 urte).
Bazkalondoren, Nagusilan elkarteko boluntario den Patxi Caballerok eta Gerardo Ormazabalek musika emanaldi txiki bat eskaini dute, eta horien ondoren, Alaitasuna Errondailak jo du.