Haurrak eta gazteak, irakurle mimatuak
Legazpiko Udal Liburutegiak mimo handiz zaintzen ditu irakurle gazteenak. Haurrei literatur kluba eskaini die, eta gazteei Booktuberboom egitasmoa aurkeztu die.
Legazpiko Udal Liburutegiak, guztiak bezala, era askotako irakurleak ditu, baina haurrak eta gazteak bereziki mimatzen dituzte bertan. Haurrei begira, literatur kluba osatu eta urrian jarriko dute abian, eta gazteei, Booktuberboom egitasmoa aurkeztu diete aste honetako asteartean, irakurzaletasuna sare sozialen bidez sustatzeko helburuarekin.
Gainerako irakurleak ere ez dituzte baztertzen liburutegian, eta helduen bi literatur taldeek aste honetan bertan hasi dituzte ikasturte berriak. Ipuin kontaketa saioak eta Irakurketa Erraza Kluba, berriz, urrian hasiko dira, datorren astean.
Haurren literatur kluba
Liburu artean ondo pasatzeko plana proposatu die Legazpiko liburutegiak Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleei. Hilean behin elkartuko dira, Mireia Delgado ondoan dutela, irakurtzen dituzten liburuen inguruan hitz egiteko eta elkarrekin konpartitzeko.
Mota guztietako liburuak irakurriko dituzte etxean, ipuinak, komikiak edo poesia, eta gero, liburutegiko literatur klub berezi horretan landu. Liburuak liburutegiak utziko dizkiei haurrei. Saioak hilean behin izango dira, astelehen arratsaldeetan, eta urriaren 7an izango da lehena.
Oraindik irekita dago izenak emateko epea, eta elkartzen den haur kopuruaren arabera, talde bat edo bi egingo dira. Izena emateko liburutegira bertara joan, 943 73 71 86 zenbakira deitu edo liburutegia@legazpi.eus helbidera mezu bat bidali behar da.
Booktuberboom
Booktuberboom egitasmoa, berriz, 14-18 urteko bitarteko gazteei zuzenduta dago, irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Hala, influencer batzuk balira bezala, irakurtzen dituzten liburuei buruzko iruzkinak edo gomendioak YouTube, Instagram eta Tik Tok sare sozialen bidez partekatzea eskatzen zaie. Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkarteak elkarlanean sortutakoa da.
Liburuen influencer bihurtzen laguntzeko, topaketak egiten dituzte liburutegietan, esan nahi dutenari buruzko gidoi txikiak presatzen edo bideo grabazioak nola egin ikasi dezaten. Horietako topaketa bat Legazpin egin zuten asteartean, 16-17 urteko hainbat gazterekin. Partaideak erronka txiki batekin joan ziren etxera, Booktuberboom lehiaketan parte hartzeko gonbita jaso zutelako.
Lehiaketa hori 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat da, eta azaroaren 15era arteko epea dute irakurritako liburuei buruzko bideoak argitaratzeko eta aurkezteko. Liburutegian edo booktuberboom.wordpress.com helbidean dute informazioa.