20. Erreka Eguna egin dute goizean Legazpin
[ARGAZKIAK] 80 lagunek eman zuten izena eta 70 inguruk parte hartu dute azkenean Urola ibaia garbitzeko lanetan. Urretxun eta Zumarragan ere egin dute gaur Erreka Eguna.
Legazpiko Erreka Egunaren 20. edizioa egin dute gaur goizean, udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatuta. Domingo Agirreko, Haztegiko eta Olazabaleko ikasle eta irakasleen laguntzarekin, alegia. 9:30ean herriko plazan elkartu dira parte hartzaileak, eta taldetan banatuta, Urola ibaiko eremu ezberdinetara joan dira zakuekin zaborra biltzeko helburuz.
Bi ordu inguruko lanaren ondoren, bildutakoa pisatu dute eta erakusgai jarri dute. Egun batzuk egongo da ikusgai plazan bertan. Lana amaituta, Kattagorri elkarteak prestatutako hamaiketakoa jan dute partaideek. 80 lagunek eman zuten izena, eta azkenean 70 bat inguru aritu dira lanetan.
Urretxun eta Zumarragan ere gaur egin dute Erreka Eguna, bi udalek antolatuta. Ibaia garbitzeaz gain, jolasak eta esperimentuak izan dituzte naturan adituak diren bi hezitzailerekin, eta bukatzeko, hamaiketakoa izan dute.