Aratz Igartzabal bigarren, Maddi Aiestaran bosgarren eta Ane Beloki seigarren, Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur. Igartzabalek 478 puntu lortu ditu, Aiestaranek 444,5 eta Belokik 419,5.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Hiru goierritar aritu dira kantuan gaurko saioan. Aratz Igartzabal gabiriarra bigarren sailkatu da (478 puntu), Maddi Aiestaran beasaindarra bosgarren (444,5 puntu) eta Ane Beloki legazpiarra seigarren (419,5 puntu). Eneritz Artetxe azkoitiarra izan da puntu gehien lortu dituena eta zuzenean sailkatu da final-laurdenetara. Unai Gaztelumendi añorgarra izan da hirugarren eta Oier Aizpurua zarauztarra laugarren.
Bihar Andoainen da seigarren final-zortzirena, Bastero aretoan, 17:00etan. Endika Igartzabal gabiriarraren eta June Aiestaran beasaindarraren txanda izango da. Aitor Salegi zestoarra, Andoni Mujika urnietarra, Eñaut Martikorena hernaniarra eta Manex Mujika donostiarra izango dira kantukideak.