Urola Garaiko Gurutze Gorriko boluntarioen erakustaldia
50 urte bete ditu aurten Urola Garaiko Gurutze Gorriak, eta urteurrenaren harira hainbat ekitaldi egin dituzte. Urriaren 6an izango da ekitaldi nagusia, Urretxuko Labeaga aretoan.
Urola Garaiko Gurutze Gorriak 50 urte bete ditu aurten. Urteurrenaren harira, ekintza desberdinak egin ditu. Azkena, gaur, Legazpiko plazan eta Azokan. Erabiltzen dituzte ibilgailuak, mendiko erreskateak egiteko ekipoak eta bestelako azpiegiturak jarri dituzte ikusgai, boluntarioez osatutako erakundeak egiten duen lana azpimarratu eta erakuste aldera. Inguratu direnei azalpenak eman dizkiete, eta bihotz-biriketako suspertzeak nola egin erakutsi dute. Haurrentzako jolasak ere egin dituzte. Jende asko inguratu da haien lana ezagutzera eta azpiegiturak aurrez-aurre ikustera.
Urriaren 6an egingo dute urteurreneko ospakizunei lotutako ekitaldi nagusia, Urretxuko Labeaga aretoan. Toki ezberdinetako boluntarioak bertaratuko dira, baita ordezkari politikoak ere.
Argazkiak: Tere Madinabeitia