Mende erdia
50. urteurreneko festa ari dira ospatzen gaur Ordizia Igeriketa taldeko kideak. Frontoian bazkalduko dute 140 bat lagunek.
Ordizia Igeriketa taldeak mende erdia bete du. 1973-1974 denboraldian sortu zen Villafranca U.C.-ren ( gaur egun Ordizia K.E.) igeriketa saila. Aurten, beraz, 50 urte bete ditu, eta gaur urteurren borobil hori ospatzeko festa egiten dabiltza taldeko kideak.
Goizean Majori kiroldegian elkartu dira garai bateko eta gaur egungo igerilariak zein taldeko beste kideak. Erreleboak egin dituzte eta puzgarriak izan dira umeentzat. Ordizia Igeriketaren kamisetak eta jertseak erosteko postua ere jarri dute. Hamaiketakoa jan dute kiroldegiko atarian, eta Majoriko ekintzak bukatzeko, taldeko argazkia atera dute kanpoko igerilekuko harmailetan.
Frontoian bazkalduko dute 140 bat lagunek, Biziola kooperatibak prestatuta, eta bazkalondoren, photocall-a, aurpegiak margotzeko gunea eta herri kirolak izango dituzte. DJ Monkey-k jarriko du musika.