Ormaiztegiko San Migel eguneko toka txapelketa herrikoia, iruditan
[ARGAZKIAK] Harrikalari txapelketa bertan behera geratu da eguraldi txarragatik. Toka txapelketa elizako atarian jokatu dute herritarrek, jai giroan.
Ormaiztegiarrak San Migel eguna ospatzen dabiltza gaur. Goizean goiz, 28. mendi bizikleta proba jokatu da, udaletxetik irtenda. 51 lagunek parte hartu dute. Ondoren haur jolasak izan dira, eta eguerdian, 32. toka txapelketa herrikoia jokatu da, elizako aterpean. Inguruan elkartu dira jaira atera diren herritarrak, baserritar jantziarekin, jai giroan. Eguerdian puntuan hasi da txapelketa.
Ondoren, 28. Xabin Ezkurdia Harrikalari Txapelketa zegoen aurreikusita, urtero bezala, baina aurten bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek eguraldi txarragatik. “Lehenak ondo botako du, baina lokatz pila bat sortuko da euriarekin eta badaezpada ere bertan behera geratzen da”, azaldu dute.
Arratsaldean 32. mus txapelketa herrikoia izango da, 16:00etan, eliz atarian. Izen-ematea 15:00etik 15:45era da. Ondoren, 16. bikotekako patata tortilla txapelketa jokatuko da, Arbolarian. Txapelketak orduan amaituko dira. Karro poteoaren txanda izango da gero, eta afari herrikoia 21:00etan. Eguna amaitzeko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak herria girotzen ibiliko dira afalostean.