Brinkolan 900 mendizale elkartu dira Aizkorrin barrena ibiltzeko
Mendi ibilaldiak atzo goizean egin ziren, auzoko tren geltokitik aterata, eta ondoren festa giroa zabaldu zen, arratsaldera arte.
Aizkorrin Barrena mendi martxak arrakastaz bete du aurtengo edizioa ere, Brinkola eta inguruko mendiak 900dik gora mendizalez bete zirelako atzo goizean, izan ibilbide luzea izan ibilbide motza egiteko. Eguraldiak lagundu zuen, eta auzoan festa giroa arratsaldera arte luzatu zen. Izan ere, Lekanazpi elkarteko kideei eta Brinkola bertako hainbat boluntariori esker, makarroiak bazkaltzeko aukera izan zuten mendizaleek, mendi ibilaldia egin eta gero.
Aizkorrin Barrenako batzordeak antolatzen du mendi martxa hau, Izadi Zaleak, eta Brinkolako Arriurdin eta Armuño elkarteen laguntzarekin. Aurreko egunetako prestaketa lanetan eta egunean bertan makina bat boluntario ibiltzen dira lanetan, tartean Atzegiko kideak.
Familien parte hartzea
Antolatzaileek egin dute lehen balorazioa, eta «giro oso ona izan zela Brinkolan eta jendea oso gustura» ikusi zela esanez laburbildu dute. Familia askok parte hartu izana ere nabarmendu dute, eta batez ere «ume asko» izan zirela. «Lagundu zuten guztiei» eskerrak emateko tarte bat ere hartu dute, «boluntario horiei esker posible izan da beste urte batez Aizkorrin Barrena egitea».
Esker berezia Armuñorentzat
Aizkorrin Barrena mendi martxako antolatzaileek, bestetik, esker hitz batzuk eskaini dizkiote Brinkolako Armuño elkarteari, eta bereziki zuzendaritza batzordeko kideei, igandean eta aurreko egunetan egin zuten lanagatik. “Hasieratik da Armuño gure mendi ibilaldi hauen antolakuntzako kolaboratzaile, eta urtero ireki dizkigu ateak, guri eta mendizale guztiei, gosaltzeko, bazkaltzeko, trago bat hartzeko edo komunak erabiltzeko. Sukaldea ere jarri izan du gure eskura, asktoan. Horrek guztiak lan handia eskatzen du, eta kontziente gara horretaz. Horregatik gure eskerra, eta gure bitartez, baita mendizale guztiena ere. Urte askoan jarrai dezala zuen prestutasunak, eta gure elkarlanak”.
Hona hemen eguneko argazki batzuk. ARGAZKILARIAK. Juan Luis Ormazabal eta Tere Madinabeitia.