Futbol zelaiko obrak atzeratu direnez, udalak ordainduko du entrenatzera kanpora joaten diren taldeen garraio kostua
Legazpiko taldeak Oñatira eta Antzuolara joaten dira entrenatzera eta partidak jokatzera. Autobusak eta kotxe partikularretan egiten diren bidaiak ordainduko ditu, eta gero obren enpresa adjudikatzaileari erreklamatuko dizkio gastuak.
Legazpiko Irene Paredes futbol zelaian belarra aldatzeko egiten ari diren lanen amaiera atzeratu egin da, eta futbol taldeek ondoko herrietara joan behar izaten dute entrenatzera eta jokatzera. Udalak hartu du bere gain talde horien garraio kostua, obrak amaitu bitartean.
Udalak gogoratu du lan horiek lehiaketa publiko bidez esleitu zizkiola Obras y Pavimentos Especiales SA enpresari, 390.185 euroko aurrekontuarekin, eta aurtengo maiatzaren 28an hasita, irailaren 5erako amaituta egon behar zirela. Baina lanak atzeratu egin dira, udal teknikariek, kirol zinegotziak eta alkateak “obraren jarraipen zorrotza” egin arren. Udalaren arabera, enpresak honako arrazoiak eman ditu obraren atzerapena zuritzeko: “Langileak ez dituela, materialaren ekoizpenean eta jasotzean atzerapenak jasan dituela, eta egiteko gai diren baino obra gehiago egin behar dituztela”.
Abuztuan jabetu ziren udal ordezkariak obrak atzeratu egin zitezkeela, eta horren aurrean Ilintxa futbol klubarekin jarri ziren harremanetan, laguntzeko prest izango zela adierazteko. Futbol denboraldia irailean hasi du Legazpiko klubak, eta futbol zelaia prest ez dagoenez, Oñatira joan dira hango instalazioak erabiltzeko, entrenatzeko zein partidak jokatzeko. Oñatikoez gain, Antzuolakoak ere erabili dituzte legazpiarrek.
Udalak autobusen garraio kostuak ordaintzeko konpromisoa hartu du, baita autobusa erabili ezin denean kotxe partikularretan egiten den bidaiena ere. Baina kostu hori Obras y Pavimentos Especiales SA enpresari erreklamatuko dio ondoren, eta, gainera, sektore publikoko kontratuen legean ezarritako atzerapenagatiko zigorrak ere aplikatuko dizkio.
Udalak adierazi du “biziki” sentitzen duela obraren atzerapenarengatik jokalariek, entrenatzaileek eta gurasoek bizi duten egoera, eta obra honen eguneroko jarraipena egiten jarraituko duela ziurtatu du, Ilintxa klubarekin harreman zuzena mantenduz. Bi erakundeak elkarlanean ari dira egoera honek “ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzan”.