Gorka Gomez, Euskadiko Herriz Herri argazki rally txapelketa irabaztetik gertuago
Hondarribiko rallyan lehen saria irabazi du, eta Legazpikoan, bigarrena. Ikatzak hilaren 11n banatuko ditu Batis Goikoetxea rallyko eta Legazpi Hiria txapelketako sariak.
Gorka Gomez argazkilari legazpiarrak geroz eta gertuago dauka IX. Herriz Herri Euskadiko argazki rallyen txapelketaren lehen saria, Hondarribiko lehiaketan lehen postua eta Legazpikoan bigarrena eskuratu eta gero. Txapelketa hamalau rallyz osatuta dago, eta orain arte egindakoetan lortutako puntuekin, lehen postuan dago sailkapenean. Legazpikoa izan da azkena, eta oraindik Ataungoa, Donostiakoa, Altsasukoa, Beasaingoa, Tolosakoa eta Soraluzekoa geratzen zaizkio.
Hondarribiko argazki rallya uztailaren 25ean jokatu zen, eta joan den astean banatu zituzten sariak. Gomezek lehen saria irabazi zuen, Durangoko Javier Lopez Fabian bigarrena izan zen, hirugarrena Legazpiko Gurutze Langarikak irabazi zuen eta herriko saria Ruben Redondok jaso zuen.
Bigarrena Legazpiko rallyan
Langarika, Gomez bezala, Legazpiko Ikatza elkarteko kidea da, eta Ikatzak antolatuta irailaren 11n egin zen Batis Goikoetxea argazki rallya. Hor ere Herriz Herri txapelketarako puntu mordoa bildu zituen Gomezek, bigarren saria irabazi duelako. Legazpiko txapelketa honetako sari banaketa hilaren 11n egingo da, eta Legazpi Hiria estatu mailako argazki txapelketaren sariak ere banatuko dira ekitaldi berean, erakusketa bat irekitzearekin batera.
Rallyaren irabazlea Manu Barreiro izan da. Gorka Gomez bigarrena, Jose Miguel Romero hirugarrena eta herriko saria Carlos Mediavillak irabazi du.
Legazpi Hiria txapelketa, berriz, Jose Agustin Gurrutxagak irabazi du Spiritual rest lanarekin. Bigarrena Toni Barbany eta Dos ous lana izan dira, eta hirugarrena, Jose Reyes Belzunce Hombre de ciudad argazkiarekin. Heriko saria Gorka Gomezentzat izan da, Kortzu lanagatik.