Legorretako geltokian 2,10 milioi euroko inbertsioa
Adifek elektrifikazio sistemako ekipoak berritu eta modernizatuko ditu.
Adifek Madril-Hendaia trenbidearen modernizazioa bultzatzeko helburuarekin, 7,5 milioi euroko inbertsioa egingo du, Tolosa, Villabona eta Legorretako geltokietako elektrifikazio-sistemako ekipoak berritzeko eta modernizatzeko hiru kontratu esleituta. “Jarduketa hori trenbide-zerbitzuarekin bateragarria izango da, eta aldiriko trenak eta distantzia ertain eta luzekoak ibiltzen diren linearen prestazioak eta fidagarritasuna hobetuko ditu”, dio Adifek.
“Lanen barruan sartzen da metalezko ateburuak instalatzea geltokietako katenaria zabaltzeko (trenbideetako kablea, trenek energia hartzen dutena zirkulatzeko). Horrela, zirkulatzeko gaitasuna indartu eta mantentze-lanak optimizatzen dira. Zutoinak, kontaktu-hariak eta sostengatzaileak ere berrituko dira, eta teknologia berria zabalduko da tokiko aginte-postuetan”, argitu du Adifek.
Legorretaren kasuan 2,10 milioi euro gastatuko dituzte. Electrenek egingo ditu lanak.