Legazpiko erraldoiek festa eguna antolatu dute larunbaterako
Aurtengo denboraldia itxiko dute, eta jai giroan agurtuko dira hurrengo udaberrira arte. Doinuzar Gaiteroak, Xaukena elektrotxaranga eta Trapalata txaranga ere izango dira festa girotzen.
Udazkena iritsita, atsedena hartzeko tartea iritsi zaio LEK Legazpiko Erraldoi Konpartsari, eta aurtengo denboraldia ixteko, festa eguna antolatu du. Larunbatean izango da, goiz, arratsalde eta gauerako ekitaldiz betea. Erraldoiekin batera, Doinuzar gaiteroak, trikitilariak, Xaukena elektrotxaranga eta Trapalata txaranga ere izango dira. Horrelako partaidetzarekin, festa giroa ziurtatuta dago egun osorako.
Legazpiko erraldoi konpartsaren eguna 10:00etan hasiko da, erdiguneko kaleetan Doinuzar gaiteroek egingo duten dianarekin. Erraldoiak 11:30ean aterako dira, eta kalejira luzea egingo dute erdigunean ere. Festak 13:30ean izango du jarraipena, tabernaz taberna egingo duten trikipoteoarekin.
Arratsaldean aterako dira berriz ere erraldoiak, 17:30ean, beste kalejira bat egiteko, eta 19:00etan Xaukena elekrotxaranga batuko da festara, Azokatik irten eta kalejira egiteko.
Gauean Trapalata txarangak hartuko du kaleko giroa alaitzeko lekukoa; 23:00etan aterako dira txarangako musikariak, eta Kale Nagusitik hasita, kalez-kale ibiliko dira, 01:00era arte. Trapalatak geldialdia egingo du 12:30ean kelajiran, eta dagoen lekuan bertan larrain dantza egiteko aukera izango da, Doinuzar gaiteroen musikarekin.