Legazpiko Udalak %99ko hobaria emango die kontribuzioan Bizigune programan sartuta dauden etxebizitzei
Neurriaren helburua etxebizitza hutsak alokairu merkatuan sartzea da. Gaur egun 39 etxebizitza daude Biziguneren bidez alokatuta.
Legazpiko Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan edo kontribuzioan %99ko hobaria onartu da Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak kudeatzen duen Bizigune programan inskribatutako etxebizitzetarako. Neurri honen helburua da etxebizitza hutsak alokairu babestuaren merkatuan sartzea, udalerriko etxebizitza eskaria arintzen laguntzeko. Bestalde, hutsik dauden etxebizitzen zergan %50eko errekargua kendu egin du gobernu taldeak, etxebizitza horiek alokairuaren merkatura ateratzeko helburua bete ez duelako.
Udalak jakinarazi duenez, Legazpiko 39 etxebizitza daude une honetan Bizigune programan inskribatuta, eta hobari berria 2025etik aurrera aplikatzea espero du. Gainera, herrian hutsik dauden beste 399 etxebizitzen jabeak animatu egiten ditu Bizigune programan sartzera, modu horretan “Legazpin alokairua dinamizatzen” laguntzeko.
Bizigune programak etxebizitza hutsen alokairua eskaintzen die jabeei, sei urterako, Eusko Jaurlaritzak bermatutako hileko errentarekin, jabetzak kontserbatu eta mantentzeko, eta obrak finantzatzeko. Legazpiko Udalak tramiteak egiten lagundu dezake Herritarren Arreta Zerbitzuan.
Kontribuzioaren hobari honekin, udal gobernuak “udalerrian alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko konpromisoa sendotzen du, eta, aldi berean, pizgarri fiskalak eta ekonomikoak eskaintzen dizkie jabeei, etxebizitza hutsen alokairua erakargarriagoa izan dadin”.