Ordiziako Zuhaiztin, suteen aurkako neurrietara egokitzeko lanean
Lanen bigarren faseari ekin diote Zuhaiztin, jubilatuen egoitza, Eguneko Zentroa eta Eguneko Arreta Zentroa suteen aurkako neurri eta araudietara egokitzeko.
Lanen bigarren faseari ekin diote Ordiziako Zuhaiztin, jubilatuen egoitza, Eguneko Zentroa eta Eguneko Arreta Zentroa suteen aurkako neurri eta araudietara egokitzeko. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, «lehenengo fasea izan zen Eguneko Arreta Zentroa egokitzea hirugarren solairuan, Eguneko Zentroaren ondoan, bigarren igogailu bat jarrita». Baina «ohartu ginen azterketa tekniko sakona eginda, suteen aurkako neurriak betetzeko lanak egin beharra zeudela».
Beraz, Iparragirre egiten ari den lanekin, bi helburu beteko dituzte. Alde batetik, gaur egun dagoen eskailera ixtea: «Solairu guztietan irekita dago eta suteen aurkako edozein ihesbide seguru egiteko itxi beharra dago, solairu bakoitzari bere ateak jarri behar zaizkio». Eta bestetik, bigarren eskailera bat aterako dute. «Konturatu ginen, Eguneko Zentroak bere erabileragatik bigarren eskailera bat ere eskatzen zuela. Bigarren eskailera tabernatik aterako da, Eguneko Zentrotik zuzenean tabernaraino iritsiko dena eta areto nagusitik ere sarbidea izango duena. Larrialdi bat gertatuko balitz, eraikina prest egongo litzateke bi irteerekin».
Lanak 2025 urte hasierarako bukatuko dituzte. 379.838,20 euroko aurrekontua dute lanek; aldundiak 286.837 euro emango ditu finantzatzeko.
Eguneko Arreta Zentroa
Lanak amaitutakoan jarriko du udalak martxan Eguneko Arreta Zentroa. «Erabiltzaile horiek menpekotasunean sailkapenik arinena (maila 1) dutenak izango dira, beraien kabuz etortzeko aukera izango dute, eta bertan bazkaltzeko aukera. Horrekin liberatuko ditugu gaur egun Eguneko Zentroan okupatzen dituzten plazak».