Urretxuko Txirimiri elkarteak 50. urteurrena ospatuko du azaroan
Urretxuko Txirimiri elkarte gastronomikoak 50. urteurrena ospatuko du azaroan. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaroaren 8rako eta 9rako. 8an, 19:00etan elkartean bertan, Txirimiriren 50. urteurrenari buruzko liburua aurkeztuko dute. Ekitaldia amaitutakoan, ale bana emango zaio bazkide bakoitzari. 20:00etan elkarteen arteko mus txapelketa jokatuko da.
Urteurrenaren egun nagusia azaroaren 9an izango da. 13:00etan, bazkideei harrera egingo diete Mendiaraz Anaiak txalapartarekin. Bazkideek aperitibo bat dastatuko dute eta zapi oroigarriak banatuko dira. 13:30ean bazkide gazteenak eta zaharrenak elkartearen bandera igoko dute. Jarraian, ohorezko aurreskua dantzatuko diete bazkide sortzaileei. Gainera, oroigarri bana emango diete. 14:00etan bazkideek argazkia egingo dute elkartearen aurrean eta ondoren bazkaria egingo dute. Bazkalostean, Txirimiri abesbatzaren emanaldia izango da. Abesbatza ospakizun horretarako propio sortu dute.