Legazpiko udal zergetan eta tasetan %2,8ko igoera izango da datorren urtean
Uztaileko KPI hartu dute kontuan igoera kalkulatzeko. Zabor bilketa %17 igo dute, eta etxebizitzen kontribuzioa %3,5. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk eta Berdeak taldeak kontra.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren eta Legazpiko Berdeak taldearen kontrakoekin, Legazpiko Udalak onartu ditu datorren urterako ordenantza fiskalak. Udal tasa eta zerga berria iraileko azken asteazkeneko plenoan onartu zituzten, %2,8ko igoera orokorrarekin.
Orokorrean, uztaileko KPI-aren pareko igoera aplikatu dute, baina salbuespenak ere egin dituzte. Nabarmenena, zaborren bilketarako tasarena da, %17 igo dutelako, eta %5 igo dute ekonomia jardueraren gaineko zerga. OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergan edo kontribuzioan, berriz, %3,5ekoa izango da igoera, eta kirol zerbitzuetako tasak ere igo dituzte.
Kontribuzioan, “estrategia aldaketa”
OHZren igoera orokorra baina handiagoa da, udal gobernu taldeko kideek azaldu dutenez, «KPI+0,7 da, balio galera kontuan hartuta, sarrera maila mantentzeko». Zerga honetan, gainera, etxebizitza hutsei ezartzen zaien gainkarga kendu dute, eta Etxebide programaren bidez alokatzen direnek duten %50eko hobaria %99ko izatera pasa da.
«Estrategia aldaketa» egin dute, eta horren arrazoia da, gainkarga duela hamar urte ezarri zenetik etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko zuen helburuak huts egin duela. «Urte guzti horietan etxebizitza horien %80a ez da merkaturatu, eta ez da helburua lortu». Orain, «etxebizitza bat hutsik duena zigortu ordez, etxebizitza hori merkaturatzen duena sarituko dugu». Udala, gainera, aztertzen ari da zer neurri gehiago hartu daitekeen hutsik dauden 200dik gora etxebizitzen jabeak horiek merkatura ateratzera animatzeko.
Etxebizitzen alorrean, bestalde, zaintzapekoen tasetan berregituraketa bat egin dute, eta patrimonio eta errentaren arabera ordainduko dute aurrerantzean erabiltzaileek zerbitzua.
Zaborra eta kirolak
Zabor bilketaren tasa %17 igo dute orokorrean, eta %25 supermerkatuena. Udal ordezkarien azalpenen arabera, «7/2022 legea 2025ean sartuko da indarrean eta ondorioz, udal guztiak derrigorturik egongo gara zaborren kudeaketa eta tratamenduaren kostuak tasa bidez %100 estaltzera».
Kirol instalakuntzen erabilerarako abonuak ere igo dituzte. «Gaur egun 800.000 euroko defizita daukagu kirol arloan, gastuak 1.130.000 euro dira, eta sarrerak 330.000 euro bakarrik. Defizit hori murriztea gure ardura da, kontuan izan behar delako zerbitzu hori erabiltzen ez dutenek ere ordaintzen dutela». Gastuak murrizteko, adibidez, igerileku handiko basoa murriztuta, %21 jaitsi da ur kontsumoa, eta 14.000 euro inguru aurreztu dituzte. Eta sarrerak igotzeko, abonuak igo dituzte, «baina ez da ahaztu behar inguruko herrietakoak baino %40 merkeago direla, hala ere».
Abonuak igota, zerbitzua hobetuko dute, eta hasteko, gimnasioa berrituko dute, eta kiroldegiaren ordutegia 06:00etatik 23:00ak arte zabalduko dute. Bestalde, abonuen berregituraketa ere planteatu dute, familia eredu berriei egokitzeko.
«Guztira, kirol arlorako egindako proposamenekin sarrerak %15 igotzea aurreikusten dugu».